Marea biziek beraien igerialdian desbideratuta edo gaixorik daudelako, tarteka fokaren bat ikusi izan dugu portuan. Horrelako bisitak ume eta nagusiontzat gustukoak izaten dira, dokumentaletan ikusten dugun anomalia begien aurrean gozatzeko aukera bakarrenetakoa. Hor hurreratzen gara kamera eta mobilak esku artean ditugula, argazki eta bideo festa martxan ipintzeko.
Itsas-zakurra entzun eta gure iruditegian alderdi positibo asko aurkituko ditugu: samurtasuna, jolasteko gogoa…, baina kontrako intentzio eta eragina ere sortzen ditu. Izan ere, “ederrak” garenoi min egiteko, dardo eran, bota izan zaigu behar baino gehiagotan “foka” hitza. Itxura batean iraingarria dela ezin uka daiteke, baina ezjakintasunak eraman gaitu horrela ulertzera. Fokak duen grasa eta forma biribila naturak duen sorkuntzarik argienetakoa baita hotzari eta harrapakariei ihes egiteko.
Egia esan, iraintzeko gure inguruan gaztelaniara jotzen da, ustez gure hizkuntza biraorik gabekoa delako. Juramentuka jardutea politikoki zuzena ez den arren, aitortu beharko dugu denok aritzen garela noizbehinka. Hori horrela izanda, hobe betiko legez gorrian jardun sutzean: hankamehe, hankazikin, belarrihandi, belarriluze, buruhandi, ipurdihandi, muturzikin, muturluze, muturbero, tripahandi, ahohandi, burugabe, gibelhandi, ipurterre, potroso, pupuhandi, tximaluze, gazta, meloi, melontzio, harroputz, artoburu, babalore, hitzontzi, kakontzi, lotsagabe, mainontzi, pixontzi, txoriburu… baina ez fokaka.