Azkenaldiko epai euskarafoboek zer pentsatua eman didate. Gezurra dirudi XXI. mendean lehenengo hitza euskaraz egitea debekatzea. Badakigu nork nahi duen euskara putzu sakon eta ilun bat izatea, baina euskal hiztunok gure esku dugu hori ez gertatzea.
Giroa, uztaila bezala, grisa eta narrasa dagoela esan dezakegu; urteetako aurrerapausoen aurkako erasoak leku eta intentsitate desderdinetan, zirimiri erara. Zorionez, euskaldunak ez gaitu sekula geldiarazi eguraldi txarrak, galernak edo olatu zakarrak. Jakin baitakigu ekaitzaren ondoren datorrela barealdia, eta itsasoko korronteak eskubiregi, haitz handira, eta oraindik eskubirago, Sorginetxeko haitz artera jaurti bagaitu, igerian edo ur izkinetik pasiera emanez, ezkerreruntz bueltatu beharko dugu, Maialen Lujanbiok Iturri Ondoan adierazi zigun bezalaxe. Aurten Iturri Ondoan-ek 10 urte bete ditu eta ez da hori gauerdiko hauntzaren eztula, ez horixe! Herriko hainbeste pertsona, adin eta iritzi desberdinekoak, bakoitza bere ikusmoldean, euskararen bueltan. Ez al da ba hori giroa goxatzen digun eguzki-printza? Edo barrua berriz pozten digun egun paregabe horietakoa?
Ez dela giro esatera nindoan, baina gurean, Deban, badela giro, Gure Giro esan beharra daukat. Adin tarte guztietako jendearentzako ekintzak, herriko eragile desberdinekin elkarlanean, eta ia denak euskaraz! Euskaraz gehiegi antolatzen direla esango digute batzuek, agian, baina nik guztiak euskaraz izatea nahiko nuke. Jarraitu dezagun euskaraz hitz eginez, berriketa ederrean.