Non dago bada?

Erabiltzailearen aurpegia Itsaso Iciar 2021ko urr. 20a, 19:51

Bihotza eta buruaren arteko elkarrizketa sakon batean murgilduta esnatu naiz bart. Bihotzak zioen malkoei heldu eta korrika ihes egiteko ordua zela; buruak, berriz, begiak itxi eta lotan jarraitzekoa.

Diote eskolan irakasten dutela zein momentutan zein sentimenduri egin behar diogun kasu. Nire ustetan, hori esan zuenak sentimendu objektibo gutxi zituen.

Nork daki hiru edo zortzi urteko umeei, edo hamabiko nerabeei bihotza eta burua zein noiz erabili behar duten irakasten? Bizitza bizi eta joan direnek, umeren bat izan dutenek, abortatu behar izan dutenek, kartzelan egon edo norbait besoetan hil zaienek oraindik ez dakite zeri egin behar dioten kasu, eta haiek, goian dauden haiek diote eskolan erakutsi behar zaiela pertsonei burua eta bihotza zein momentutan, nola eta zenbat denboraz erabili.

Hau guztia zer da, pandemiaren beste ondorio ikusezinetako bat? Telebistan agertzen ez diren horietako guztietako beste bat? Zer bihurtu gara? Zeinen erraz ixten ditugun begiak eta zer erraztasun daukagun gortzeko, ez entzuteko, ez sentitzeko. Bihotzak agintzen duen tokian, non dago, bada, burua?