Ahazte-prozesuetan profesionalak dirudigu. Sormen-maila altuko garunak garatzeaz arduratzen gara haur ororekin eta, harritzekoa den arren, hazten goazen heinean sormenari uko egin eta “onak” garen horretan zentratzeko esaten digute. Esaten digute eskolan eta esaten digute etxean. Lagunek, familiakoek, auzokideek ere esaten digute. Baina nola bilakatzen zara “on” zerbaitetan? Ikasgai edo lanbide batean?
Sarritan pentsatu izan dut gure bizitza nonbait idatzita dagoela, jaio aurretik nor eta nolakoa izango naizen dioen “zerbait” existitzen dela, “patua idatzita” dagoela. Beste batzuetan, akatsei erreparatzen diet, kanpotik begiratzen saiatu eta egin dudan hori nire bizitzaren bideko zati bat ote den hausnartzen dut. Ziur nago akatsak konponduko ez banitu, ondo eta zuzen egiten dudan horrek guztiak ez lukeela bizitzan garrantzirik izango. Eta, orduan, ahazte-prozesuan profesional bihurtzen gara. Zenbat aldiz egin duzu gai beraren inguruko hausnarketa behin eta berriz? Zenbat aldiz hasi zara zerbaitetan pentsatzen hasierako puntutik? Pentsatzen duzun horrek zer nolako garrantzia du ondoren hartuko duzun erabakian?
Ahaztea gustatzen zaigu, berriz hasierako puntura itzultzen garenean gure garunak pentsamenduen munduan egingo duen ibilbidea zein den badakigulako. Engainatzeko mila teknika ditugu barneratuta, gure buruari “merezi” duen garrantzia hori eman ahal izateko, ziur asko, gure pertsonak duen balioa ahalik eta handiena dela pentsatzeko.
Hasierara bueltatu nahi izaten dugu horrela, bizi izan dugun guztia berriz bizitzeko teknika ezberdinak bilatuz, hauek garatuz, zoriontsu egin gaituen hori guztia berriz bizitzeko esperantzarekin. Noiz utziko diogu, bada, gertatu behar duen horri lasai gertatzen?