Laurak puntuan. Luzaro eskolako ateak zabaldu dira eta kalea bizitzaz lehertu da: umeak korrika, etxekoak irribarrez edo mugikorrari begira, eta motxilak airean dantzan.
Haurrak aldapan behera jauzika, galtzadatik batzuk, Agirretxeko aldapatik besteak. Nagusienak txikienen eredu, lagun artean denak ogitartekoaren bila.
Haurrak kalean ibiltzea, jolas librea izatea eta bakarrik edo lagunekin mugitzea ederra da, baina kezka eragiten du, oinezko txikienak oso txiki baitira motor, auto, furgoneta, kamioi eta autobusen artean.
"Segurtasun neurriak, espazio libreak eta parte-hartze aukerak bermatzen ditugunean, kaleak denontzat bizigarriagoak eta biziagoak dira"
Gure herriak haurrekiko espazio seguru, inklusibo eta parte-hartzailea behar luke izan. Horrek esan nahi du umeen segurtasuna bermatzea, sormeneko espazioak eskaintzea eta autonomiaz mugitzeko aukerak ematea. Francesco Tonucci pentsalariak azpimarratu izan duen bezala, "herri bat umeentzat ona bada, guztiontzat da ona"; zergatik ez beraien beharrak erdigunean jarri? Gipuzkoako hainbat herritan dago, esaterako, Eskola-bideak programa, haurrek eskolara bakarrik joateko aukera izan dezaten sortutako egitasmoa. Umeak eskolarako bidean seguru ibiltzeko ibilbideak markatu dituzte; umeen beldurrak eta kezkak identifikatu, arriskuak detektatu (eskola irteeretako zebra-bideak, kasu) eta neurriak hartu dituzte; eskola bideetan ikur koloretsuak jarri eta elkargune estrategikoak sortzen lagundu dute; edota kontzientziazio kanpainak gauzatu dituzte.
Segurtasun neurriak, espazio libreak eta parte-hartze aukerak bermatzen ditugunean, kaleak denontzat bizigarriagoak eta biziagoak dira.