AmatasunaK

Erabiltzailearen aurpegia Itsaso Aramendi 2024ko urr. 3a, 12:19

Eurak ama ziren, ni ez; eurek bazekiten zer zen, nik ez. Zioten: "Aprobetxatu orain, gero ezingo duzu eta", "Ahaztu bidaiatzeaz..."... Ohartarazpen horien bidez ere, amatasun eredu bat jaso nuen haurdun nengoenean; aurreko guztia utzita, besteen zerbitzura jartzen den amarena.

"Agian deseraiki daiteke amatasun eredu hori amatasuna aske bizitzeko? Epaiak desaktibatzeko? Amatasuna prozesu bakarra eta norberarena da"

Erdi ondorenean ere tematzen gara aholkuekin. Mundu guztiak daki nola dagoen erditu berri den ama eta zer behar duen haur jaio berriak. Nola lokartu, noiz duen hotza eta noiz beroa. Epaitu egiten gaituzte: "Berriz ere titian?", "Orain ere besoetan?". "Gainetik" ikuskatzen gaituzte. Eta bitartean amatasunaren zurrunbiloan murgilduta zaude. Laguntzeko "alboan" egotea nahikoa da.

Aurrenekoz amatu nintzenetik, zaintza jarri dut erdigunean; umeena, bikotearena eta nirea. Etxekoen beharrak eta nireak zaintzen saiatzen naiz. Askotan, ordea, ez dira bateragarriak. Oreka lortzea eguneroko erronka da, eta ahal dudana egiten dut. Nirea lehenesten dudanean, batzuetan, errudun sentimendua izaten dut, nire burua epaitzen dut, ama txarraren bizipena izaten dut; amatasun eredu bat baitut ikasia, besteengatik dena uzten duen amarena.

Agian deseraiki daiteke amatasun eredu hori amatasuna aske bizitzeko? Epaiak desaktibatzeko? Amatasuna prozesu bakarra eta norberarena da. Desberdin bizi dugu amatzen garen bakoitzean. Amatasunak onartzetik has gaitezke. Kolore askotakoak dira. Eman diezaiola ama bakoitzak nahi duen kolorea bere amatasunari.