Nartziso

Erabiltzailearen aurpegia Itsaso Aramendi 2021ko abu. 12a, 19:41

Badirudi pertsona batzuek aditzak lehen pertsonan baino ez dakizkitela deklinatzen. Ni, ni eta ni. Aurrekoan kafea hartu eta, aspaldi elkar ikusi gabe geundenez, gure azken gorabeheren berri izateko geratu ginen bost lagun. Horretarako geratu baginen ere, mahaian jartzerako lagun baten monologoa entzun behar izan genuen ia ordubete luzez. Arnasa hartzeko ia astirik gabe, bere nobedade guztien berri eman zigun. Bakarrizketa bukatutakoan, besteok, berandutu zitzaigunez, ia hitza hartzeko aukerarik gabe eta elkarren berri izan gabe agurtu behar izan genuen elkar. Okerrena da bera ez zela jabetu ere egin.

Ziur nago zuen inguruan ere izango dituzuela horrelako pertsonak, pertsona egozentrikoak. Bere bizitzako detailerik txikienak badakizkizu zuk. Zer dakit nik: bere lankide guztien izenak eta laneko gorabeherarik txikienak edota bere seme-alabek eskolan ikasgai bakoitzean atera dituzten notak.

Uda sasoia heltzean bere opor-plangintza osoa zerrendatzen dizu: bisitatu asmo dituzten herri eta hondartza guztiak eta baita jan eta egitea aurreikusten duten guztia ere. Halako batean galdetuko dizu: “Zuek ze, hemendik?”; ozta-ozta utziko dizu erantzuten berriro bere planera itzultzeko. Bere bizitza zurea baino askoz interesgarriagoa dela uste duenez, bere buruan ez da sartzen kontatzeko ezer interesgarririk izan dezakezunik.

Greziar mitologian Nartziso izan zen uretan bere isla ikusi eta harekin maitemindu zena. Nago gero eta Nartziso gehiago daukagula inguruetan.