Galderak

Erabiltzailearen aurpegia Itsaso Aramendi 2022ko urr. 4a, 11:29

“Zer da herrialde bat, ama? Zer da muga? Eta zergatik ezin dira pertsona batzuk pasa eta gu bai? Zertarako balio dute banderek? Zergatik ezin gara jarri treneko eserleku horietan? Zer dira 1. eta 2. klaseko eserlekuak? Zergatik dago pertsona hori supermerkatuko atarian belauniko? Eta zergatik ez dauka berak dirurik eta guk bai?…”. Uda honetan erantzun behar izan ditugun galderak dira hauek.

Gurasotasunetik pasa zaretenok edo haurrak inguruan izan dituzuenok dakizuen bezala, haur baten jakin-mina aseezina da zenbait adinetan. Galdera bat bata bestearen ondoren kateatzen dute haurrek amaierarik gabeko galdera zaparrada batean.

Umeek mundua helduekiko modu oso desberdinean hautematen dute, baina ez, hala ere, modu ilogikoagoan. Haurren munduan ez dago lehen edo bigarren mailako pertsonarik.

Nola azaldu haur bati irribarre egin digun jendarmea agurtuz igaro dugun mugak hainbat lagunen (zenbatgarrena dagoeneko?) bizitzaren amaiera ekarri duela azken hilabeteetan? Nola jendea laguntzeko omen dagoen poliziak jendea kolpatzen duela? Nola supermerkatuko atean eskean egon behar duela inork, gero kaxak eta kaxak zaborretara botako badituzte? Nola…?

Haurren galdera horiek zentzugabeak dira sarri helduon begietara, baina helduok eraiki dugun munduaren zentzugabekeria uzten dutela agerian nago. Hobe genuke helduok ere mundua ikusteko darabiltzagun betaurreko ilunak kendu eta haurren betaurrekoak jantziko bagenitu.