Gazte gera gazte

Erabiltzailearen aurpegia Itsaso Aramendi 2023ko urr. 2a, 12:54

Mende erdi inguru joan da Lourdes Iriondok Gazte gera gazte ta ez gaude konforme hura abesten zuenetik, eta, hainbeste ez badira ere, azkar joan zaizkigu nire belaunaldi-kideoi gaztaroko urteak. Hala ere, nire inguruan inor gutxik jartzen du zalantzan oraindik gazteak garenik. Are gehiago, nahiz eta 40 urtera hurbiltzen ari, badago, bere gaztetasuna zalantzan jarriz gero, minduta agertzen denik.

Alabaina, badago froga ukaezin bat gaztetasuna atzean utzi eta fase berri batean (helduaroa? heldutasuna? zein hitz zatarrak, frutez ari garela dirudi) sartu garela erakusten duena: gero eta ohikoagoa da “gaur egungo gazteek…” hitzekin hasten diren esaldiak entzutea gu baino gazteagoak direnek egiten dutena edo egiten ez dutena kritikatzeko eta guk egiten genuenarekin alderatzeko.

Ingelesez Kids these days efektua izenez ezagutzen da ondorengo generaziokoek egiten dutena zalantzan jartzeko joera hori. Sokrates zenak ere ondokoa bota omen zuen duela bi milurteko baino gehiago: “Orain gazteek luxua maite dute. Modu txarrak dituzte, autoritatea mespretxatzen dute; ez dituzte adinekoak errespetatzen, eta nahiago dute berriketan aritzea ariketa egitea baino”.

Gaur egungo gazteak ez dira gu bezalakoak, ez, gu gure aurrekoak bezalakoak ez ginen bezala. Beren balio, uste, afizio, sinesmen eta pentsamenduak dituzte, gureak ez bezalakoak, eta beren artean ere askotarikoak. Utz diezaiegun beren mundua eraikitzen.