Azken bi urteotan zenbat aldiz abestu ote dugun Zeinen ederra izango den Iturrian Koruko emakume taldeak... Abesti honen harira, zeinen ederra izango den ez; zeinen ederra den talde honetako partaide izatea, zeinen ederra horrelako talde batean parte-partaide sentitzea, zeinen ederra den kalera irten eta guztiok batera abestea. Hain gustura jarduten dugu, kalera irteteko ordua jartzen baitugun, baina erretiratzeko eta kantuak bukatzeko... komeriak. XXI. mendekuak gara, baina mendekurik ez, erakustaldia bakarrik!!
Talde anitza sortzen dugu, elektrizitatez betea, errespetuz eta goxotasunez elkar zainduak. Lisboaraino joango nintzateke zuekin, edonora, aberriaren mugak apurtuz.
"Esker hitzak gehiago eta sarriago baleude guztiak beste era batera funtzionatuko lukeelakoan nago"
Ahizpatasunaren kontzeptua modan dagoen honetan, Iturrian Korua adibide garbia dela deritzot. Eskerrak eman nahi dizkiot taldeko parte hartzaile bakoitzari, ederra delako zuekin egotea eta momentu horiek partekatzea.
Lehenengo, itzalaldiari buruzko erreflexio-kexa bat idatzi behar nuen, "pataleta" bat; baina ihesa zilegi omen eta kexak alde batera laga eta esker hitzak aukeratzea ederra iruditu zait. Askotan horrenbeste kostatzen zait... Ez dut lehengo lepotikan, lehengo lepotikan, lehengo lepotikan burua eduki nahi. Esker hitzak gehiago eta sarriago baleude guztiak beste era batera funtzionatuko lukeelakoan nago. Ardo, abesti eta maitasun artean pizti gautarrak hontzari ere esker hitzak eskainita goxatuko litzateke.
Mila esker, esker mila, eskerrik asko, esker anitz, ekipo!