Eskerrak eman nahi dizkiet Deba-Itziarko Altxa Burua mugimenduko kideei. Ez bakarrik gure umeen pantailen erabileraren inguruko hitzaldi eta tailerrak erakunde desberdinekin lankidetzan antolatzearren, baita gure etxean behintzat helduon pantailen erabilera mahai gainean jartzearren ere. Ardura umeei pasa aurretik, nork bere buruari begiratzea garrantzitsua dela iruditzen zait. Honi esker, etxean pantailen erabileraren inguruko hainbat kontuz hitz egin eta hausnartu ahal izan dugu. Esate baterako, mugikorra hainbeste gauzatarako erabilita, egun guztian haren menpe egotera behartzen dugu gure burua; goizeko iratzargailu funtziotik hasita, erlojutzat ere erabiltzen dugu, eta agenda, argazki makina, laneko tresna, komunikatzeko tresna… bezala ere bai. Ez naiz sare sozialen erabiltzaile sutsua, baina gaur egun hiru puntu horiek luzeak izan daitezkeelakoan nago.
"Inteligentzia naturala landu nahiko nuke; hausnarketa egin, erabakiak hartu eta gauzatu, hitzen eta ekintzen bidez"
Gero eta gauza gehiago entzuten ditut adimen artifizialaren arriskuaz, baina erabileraren inguruan hausnartzen ez bada, salduak gaude, gure bizitza bere hatzaparretan, edo agian hobe esanda kableetan lagatzen ari baikara. Inteligentzia naturala landu nahiko nuke; hausnarketa egin, erabakiak hartu eta gauzatu, hitzen eta ekintzen bidez. Iratzargailu bat erosiz hasi naiz, goizean zarataka hasten denean zartako bat eman ahal izateko moduko iratzargailua. Laino, sare eta aire konexioek errealitatetik kanporatzen naute sarri. Ea zartakoak hankak lurrean jartzen laguntzen didan.
Orain arte behintzat lurrera konektatuta mantentzeak errealitatea ikusten lagundu izan dit.