Behin baino gehiagotan entzun izan dut “Deban ez dago ezer” esaldia eta sutu egiten naiz. Lepoa jokatuko nuke hori dioenak ez duela herriko ekintzen antolaketan eta prestaketan parte hartzen. Niri herrian gauza asko antolatzen direla iruditzen zait eta tarte hau aprobetxatu nahi dut hauetarako guztietarako ezinbestekoa den bolondres lana balioesteko.
Zenbat kirol elkarte euren ekintzak aurrera eramaten, zenbat musikari eta dantzari herriko festa-egun eta jaialdietan herria girotzen, elkarte gastronomikoak txorizoa eta salda banatzen, erraldoi eta buruhandiak, Antzerki Astea, umeen krosa, paella lehiaketa, Caritasek ematen duen laguntza, Gaztetxeko ekintza anitzak, Debarren Egunaren bezperako marrazki lehiaketa eta karretoiak, festetako hainbat egun (Umeena, Marinelena,…) eta ekintza, txosnak, Begiradak, guraso elkarteak, Kolore Anitz taldeak antolatutako jolasak, merkatarien elkartea herriko saltoki txikiek bizirik irauteko lanean, igande batzuetako zine-emankizunak, Animadeba, Mintzalaguna, Berriketan-eko zutabegileak, etab. Niretzat hau aberastasuna da.
Herrian zerbait behar denean, segituan jotzen da talde horiengana laguntza eske. Eskatzea libre da, baina eman ere egin behar da elkarte eta bolondres horiek mantentzeko, bai Udaletik eta baita herritarren aldetik ere, gustura hartzen baitira erreleboa ematen dutenak.
Bolondres izaera desagertzeko arriskuan dagoela iruditzen zait eta horrekin hainbeste ekintza galdu daitezke… Mantendu nahi izanez gero, guztion artean lor dezakegu.