Udaletxeko kristaletan ezarritako argazkien harira, nire inguruan behintzat argazki batek eman du batez ere atentzioa. Bertan, plaza berria agertzen da, Arriolaneko denda parez pare (gaur egun Izenbe taberna dena) eta etxe-buelta guztia astoz beteta. Badirudi herriko bizitza hori eta baserritarren joan-etorri hori duela 200 urteko kontua dela, baina nire gurasoek, eta haiek bezala 60 urtetik gorakoek, bizi izan dute.
Zer pentsatua eman dit hain denbora gutxian lurrarekiko eta inguruarekiko lotura eta harremana zenbat aldatu den ikusteak. Asto horiek inguruko baserrietatik zetozen, gehienetan bertako emakumeren batek lagunduta, bertako barazki, arrautza, esnea eta abar bezeroei banatzera, eta estua zen haien arteko harremana. Irudipena dut jakintza partekatu horretatik gero eta deskonektatuago gaudela, etengabe konektatuta gauden gizarte honetan.
Ni zorte oneko sentitzen naiz bizimodu horren testigantzak jaso izan ditudalako. Kontatu izan didate, batetik, nola jaisten ziren baserritik astoa kargatuta eta Lapurtzulo edo beste hainbat lekutan hainbat abentura bizita, eta, bestetik, hasieran aipatutako dendaren ondoko portalera astoak nola sartzen ziren atea zabalik sumatuz gero, eta Arrasketako Maritxuk atera behar gero animalia.
Udako solstizioaren buelta hau inguruaz gozatzeko momentu ederra da. Baina argi orduak gutxitu ahala, barrura sartzeko gogoa handitzen zait eta barnera begiratzeko beharra ere bai. Momentu horiek ederrak dira argazki honi eta antzeko irudiei hitza jartzeko, gure inguruko aitona-amonei hitza emateko.