Betidanik lagundu izan dit inguruari, inguratzen gaituenari, naturari begiratzeak.
Umetatik izan dut natura gertutik sentitzeko suertea eta gozatzen jarraitzen dut inguruak oparitzen dizkigun usain-koloreekin.
Herrian bizi naizenez, ez baserrian, naturari so egoteak lagundu izan dit, besteak beste, urtaroen joan-etorriez ohartzen, herriguneko kimatzeek ez baitute horretan laguntzen. Aitaren errautsak lurperatzeko momentuan, alaba txikiari bularra eman bitartean gunean bertan zuhaitzak hazten ikustea ere argigarria izan zen. Bizitzaren zikloa bertatik bertara; jaio eta hil.
Orain bizitzen ari garen kaos honen gainetik, enarak ere, urtero bezala, bueltan dira; itzuli dira euren hegaldi aske eta jostariarekin eta euren akrobaziekin inguruko eltxo eta euliak jatera. Igor eta biok baratzean ginela, pasean nola etorri ziren ikusi ahal izan genuen. Momentu magikoa izan zen.
Eta jarraitzen dute udaberriarekin batera marrubitxo basatiek bide bazter eta txoko berdeak koloreztatzen. Almitzean bata bestearen atzetik sartu eta katea osatu ondoren multzoa ahoratzean zapore mikatz-gozoa barrura. Momentu askoren zaporea.
Eguna mozten hastean, berriz joango dira enarak leku epelagoetara, hurrengo udaberrira arte. Agian mundua geldituko duen pandemiaren bat egongo da, baina eurak bueltatu egingo dira.
Badirudi gaur egun gauza batek garrantzia izan dezan pantailaren batean agertu behar duela, eta bide horretan bizitzaren zentzua galtzen delakoan nago. Burua jaso eta naturari so, zenbat oparitxo!