Tantaz tanta gehitu

Erabiltzailearen aurpegia Inma Alberdi 2025ko ots. 4a, 11:31

Gipuzkoako odol emaileek gizartearen zerbitzura egindako 60 urteak ospatu dituzte Donostian, gure ongizatearentzat hain beharrezkoa den boluntariotza-lana aitortuz. Deban, azken urtean, 315 odol poltsa lortu eta aurreikuspen guztiak bete direla esanez whatsapp bat jaso dut. Poztekoa! Baina kopuruak gorabeherak izaten ditu; gehiago dira urtero galtzen diren emaileak irabazten direnak baino, belaunaldi aldaketagatik, eta odol stocka egoera idealaren azpitik dago. Odol emaileen beharraz ohartarazten gaituzte sarritan eta herritarren erantzun bikainari esker pixkanaka hobetzen dira erreserbak. Gizartea beti izan da solidarioa, baina errelebo falta dago. Ekintza hau gehien barneratu dugunak adinekoak gara eta komeni da jende gazteari behar hau azaltzea eta haiek kontzientzia hartzea, ohitura bat sortu nahi da eta.

"Guztia egina dagoela pentsatu arren, ez du inork egiten, norberak baizik; ez dezagun besteen gain utzi guk egin dezakeguna"

Ohiturak aldatzen doaz etengabe, eta horietako bat da boluntarioen falta hainbat ekitaldi eta lanetarako. Hain premiazkoa dugun odolari ere eragin dio moda berri honek; badirudi musu-truk hitza ez dagoela oso modan. Ezinbestekoa da gazteak honen garrantziaz jabetzea eta horiek ohikotasunez odola ematea, egonkortasuna lortzeko. Guztia egina dagoela pentsatu arren, ez du inork egiten, norberak baizik; ez dezagun besteen gain utzi guk egin dezakeguna.

Bitxikeria gisa, emaileen elkarteek jendea erakartzeko egin dutena ikusteko bi adibide: Araban, abuztuan, goizetara pasa zuten herrietan emandako zerbitzua; Bartzelonan, aldiz, odola eman ondoren, ogitartekoaren ordez, ospe handiko sukaldariek prestatutako jana eman zieten.

Odola ematea denon eskubidea ez ezik, denon erantzukizuna ere bada. Saia gaitezen, norbera beharrean aurki daitekeela jakinda. Ematen ikasi, ostera jasotzeko.