Gogoko dut etxera iritsi eta film bat ikustea. Oraintxe ailegatu naiz eta hara! Inor ez! Lola gure maskotatxoa bakarrik sofaren jabe eta telebista... libre! Gero eta gehiagotan ari zait hori gertatzen azkenaldian. Non ote daude, bada, gure etxekoak? Begiratzera joan eta... bat mugikorrarekin, bestea tabletarekin, bestea eramangarriarekin... Hau da hau! Denak pantailez inguratuta!
"Azken finean, gure lanorduetatik kanpo denbora librea hartzea da inportantea, ezta? Hori egiten saiatu behar dugu eta, egia esan, gure herrian eskaintza zabala da"
Une horretan, nire gaztetako oroitzapenak etorri zaizkit burura, ez daukatenak zer ikusirik gaurko gizartearekin. Garai hartan zuri-beltzeko telebista genuen, kanal bakarrekoa, gustatu edo ez gustatu ez geneukan besterik, ez genuen denbora gehiegirik galtzen pantaila hari begira; hau horrela, kalean aritzen ginen jolasean lagunekin. 70. hamarkadan Munduko Futbol Txapelketarako ia denok izan genuen koloretako telebista. Ostiraletan gizonak soziedadera afaltzera joaten zirenean, eskaileretako emakumeak etxean Un, dos, tres ikusteko elkartzen ziren. Gogoan daukat, era berean, zapatuetan ze ondo pasatzen genuen gazteok Sesion de tarde ikusten lagun artean. Noski! Ez zegoen beste aukerarik gure pantaila bakarrean. Astean ikusten genuen pelikula bakarra zen, gauez ez zigutelako lagatzen erronbo bat eta biko pelikulak ikusten. Han joaten ginen amorratuta, haserre ohera... zorioneko pantaila utzita.
Baina beno, utz ditzadan pantailak bakean eta benetan garrantzitsuenari heldu: aisialdia. Azken finean, gure lanorduetatik kanpo denbora librea hartzea da inportantea, ezta? Hori egiten saiatu behar dugu eta, egia esan, gure herrian eskaintza zabala da: musika, dantza, kantua, kirola, eskulanak, antzerkia... denetik, eta gainera jende berriarekin erlazionatzeko aukera aparta! Ez duzue uste?