Olentzero gurera ez da etortzen

Erabiltzailearen aurpegia Igor Larrañaga 2025ko ots. 5a, 09:43

Duela 10 urte inguruko argazkiei arretaz begiratzen nenbilela, egiten genituen ekintzak etortzen zaizkit gogora. Irakurlea hobeto kokatzeko, haur jaio berriak genituen garaikoak.

Gogoan dudan ekintzetako bat Gabon garaian Mungiara joan ginenekoa da. Kuadrilla mailan espedizioa antolatu eta inoiz egon gabe nintzen eta berriro itzuli ez naizen herrira joan ginen. Ordubete inguruko bidaia, zertarako eta Olentzero gurtzen duten parke tematikoa ikusteko. Ilara luzeak eta hotz handia pasa genuen oroitzapen idorra baino ez daukat.

"Gabonen eta Olentzeroren kontuari buelta bat eman behar geniola erabaki genuen etxean; gure buruari umeen ilusioaren aitzakian edozer egitea zilegi ote den galdezka"

Hori gutxi ez eta hurrengo urtean berriro ere kuadrilla planean Legazpiraino joan ginen. Han ere jainkoaren semeari itzal egiten dion ikazkina agurtzera. Legazpi esan dut, baina kanpoaldean den jatetxe batean izan ginen zain, denbora luzez; gurasoz, ume txikiz eta kotxe-sillaz toperaino beteta zegoen eraikinean. Bertan zen zarata eta espazio falta ohitura pelegrinazio masifikatu bilakatu zen egiaztapena baino ez zen.

Hirugarren urtean beste norabait joan aurretik, Gabonen eta Olentzeroren kontuari buelta bat eman behar geniola erabaki genuen etxean; gure buruari umeen ilusioaren aitzakian edozer egitea zilegi ote den galdezka; maldan behera doan elur bola bezala, urtetik urtera handitzen joan den gezurra bezala, eta gezur horren konplize izaten ezin genuela jarraitu iritzita.

Zoriontasunez oroitzen dut hartu genuen erabakia, ez hartu genuen erabakiarengatik, egiten genuen hori ezbaian jarri eta guk gure bidea egitea adostu genuelako baizik.