2024a hasi berria den honetan, bi urtean behin antolatzen den Korrika ere gure artera iritsiko da, negua izan arren udaberria diruditen martxoko egunetan.
Hamaika irakurketa eta helburu izan ditzakeen olatua da Korrika. Azkenaldian nik Korrika nola ikusten dudan adierazten saiatuko naiz.
Gizarte judeokristaua garen aldetik, kontzientziak garbitzeko beharra dugu itsatsia gure hezur-muinetan eta kristautasunak asmatutako penitentziak gure barruan dirau. Hortaz, Korrika euskararen eta euskal kulturaren aurka egindako bekatuak garbitzeko penitentzia modua da. Adibide moduan, azken Euskaraldian ahobizi izan eta hirugarren egunetik aurrera lankideekin gazteleraz ibili zinela... Korrika badator. Durangoko Azokara joan eta Pirinioetako egutegi bat baino ez zenuela erosi... Korrika badator. Iturri Ondoko bertso saioa izan eta, bertaratu ordez, lagunekin poteoan aldrebestu zinela... Korrika badator!
"(...) kristautasunak asmatutako penitentziak gure barruan dirau. Hortaz, Korrika euskararen eta euskal kulturaren aurka egindako bekatuak garbitzeko penitentzia modua da"
Baina ez pentsa kilometro guztiek kalitate bera dutenik. Goizaldeko ordu txikietan egiten direnak kalitate handiagokoak dira Iratzargailua 02:30ean jarri ostean jaiki eta korrika egindako kilometroek bikoitza balio dezakete, baita eremu ez euskaldunetan egiten direnek ere, korrika bi kilometro egiteko kotxean Zarrakazteluraino bi orduko bidaia egin duten horien kasuan, esaterako. Eta Zarrakaztelun goizaldeko ordu txikietan korrika egiten dutenek... horiek bekaturik larrienak ere garbi ditzakete!
Hortaz, badakizue. Norbaitek azken bi urteetan egindako bekatuak birpasatu eta bere bekatuak Deban garbitu nahi baldin baditu, has dadila entrenatzen, aurtengoan Korrika eguerdian pasatuko da eta.