Badira hamar hilabete José Ramón Berriatura iritsi zela, eta baso-lanetan dihardu geroztik. Lanean hitz gutxiko gizona, baina edozer galdetuz gero zintzotasun eta begirune handiz erantzuten duena. Hala ere, bai nik bai laguntzera etorri ziren ilobek ere esandako erdiak ulertzen nahiko lan izan genuen. Ertameriketako hizkera kolokialak antz gutxi du-eta Deban kalean erabiltzen den erderarekin.
Ez da enpatia-gaitasun handirik behar, ordea, José Ramónek lau esalditan azaldu zizkigun egoerek barruak mugiarazteko. Bizi zen lurraldean oso ohikoak dira heriotzari begirunea galdu dioten gaizkile taldeek lapurretak edo hilketak burutzea, eta hilotzak, abisu edo mezu gisa, kaleetan egunetan zehar begibistan lagatzea.
Baina José Ramónek argi du gure artera ez dela erruki edota penarik ematera etorri. Lan gose da gizona, eta basoan aurkitu ditu inork gutxik egin nahi dituen lan gogor eta arriskutsuak. Hiru kalekume ginen berak moztutako egur zatiak baratze bazterrean pilatzen, eta ezin genituen sutarako ziren egur zati guztiak jaso mozten zituen abiaduran. Hori gutxi ez eta gurean bukatu zuenean, inguruko baserri batean hesolak egiteko plana zuen egun-argia genuen bitartean.
20 urteko semearen eta 15 urteko alabaren aita da José Ramón. Seme-alabak lanean edota ikasten ari diren galdetzean, ez zekiela erantzun zidan. Azken hamar urteetan ia ez zituelako ikusi ere egin.
Berehala konturatu nintzen zeinen azkar epaitu nuen. Hasierako enpatiak sorrarazi zidan interesa eta laguntzeko eskuzabaltasuna nola ahuldu ziren “klase ertaineko” aita baten betaurrekoetatik begiratzerakoan.