Ur txikitan

Erabiltzailearen aurpegia Igor Larrañaga 2022ko urt. 23a, 12:57

Urtarrilaren 1a den honetan burutik ezin kenduta nabil atzo gauean telebistan ikusitakoa. Etxeko alaben proposamenez ETB1en ikusi genituen kanpaiak eta ondorengo musika-saioaren hasiera.

Aurreneko taldeak Gozategi eta Drindots izan ziren, eta musikari talde bera partekatu zuten oholtzan. Niri musikari berberak erabiltzea zilegi iruditu zitzaidan aurrekontu murritza medio. Laugarren abestian, ordea, Iñaki Ortiz de Villalba taularatu zen Betagarriren kantu bat abestera, Gozategirekin eta Drindotsekin igo ziren musikari berberekin. Musikariek bateria, organoa, gitarra eta baxua jotzen zuten, eta bai ondo jo ere Betagarriren kantuaren tronboi eta tronpeta soinuak ateratzeraino, oholtza gainean haize instrumenturik ez zenean. Telebista momentuan itzali eta ohera joan ginen, saioa tamalgarria zela epaituta.

Bart gaueko programa, gure txikitasunak konplexuren bat sortuko baligu bezala, handiagoek egiten duten hori kopiatzearen adibide garbitzat ikusten dut. Batez ere handiaren baliabiderik ez dugunean, iritsi nahi baina iristetik urrun gelditzen zarenean bezala.

Tamalez gizarte mailan ere sarri sumatzen ditut antzeko tendentziak, txikiak diren erakunde batzuk handitu edota hedatzeko hartzen dituzten erabakietan. Ur txikitik ur handiagoetara salto egiten dute eta ur horietan nabigatzeak dakartzan lanak aurrera eramateko zailtasun eta baliabide urriak agerian geratzen dira.

Nik ur txikitan segi nahi izatea zilegi dela aldarrikatu nahi dut, ur txikitik txikira saltoz.