Oraingo honetan Uriel eta Jerson izan dira gurera laguntzera etorri diren gazte nikaraguarra eta hondurastarra. Goizeko bostak aldera hartu dute aurreneko autobusa Bilbo aldean gure Teleixa maitera 08:00etarako iristeko. Zortzi orduko lana motozerrari soinua ateraz eta bueltan Ondarroako autobus geltoki batera gerturatu ditut, Bilbo aldera buelta daitezen.
Oraingo honetan ere, hitz erdiak ez dizkiet ulertu ere egin; haiek nik esandakoa, ordea, ederki asko ulertzen zutela konturatu naiz. Espainiera mundu mailan hizkuntza erabilienetakoa izanagatik ere, elkar ulertzeko hamaika arazo eman dizkidala ohartu naiz bazkaltzera geratu garen unean bertan Urielek pasaportea ateratzeko duen aukeraz hitz egin duenean.
Oraingoan ere Honduras eta Nikaraguako egungo egoeraz galdetu diet, eta bertan gazteen gehiengoak inolako etorkizunik ez duela argi asko azaldu didate. Nik hemen langileak behar ditugula esan diedanean, barre algara ederrak bota dituzte, haiek langileak baino turistak direla esanez, haien bisatuek dioten bezala. ETBko Gaur Egunean turismo datuak ematen dituzten hurrengo aldian, nik Jerson eta Uriel ere kontatu ote dituzten pentsatuko dut.
Lana lepo egin ondoren haiek izan ziren dirua jaso zutenak, baina garbi daukat ni haiek baino gehiago aberastu nintzela. Errealitatea gure atalaia progre eta erosotik ikusteko joera hori zalantzan ipini eta beste baten bizipenetatik entzutea biziki osasuntsua eta aberasgarria da egunerokoan bizi ditugun arazoak arazo diren edo ez erlatibizatzeko.