Orain dela gutxi, aldizkari honetako zutabegile batek zenbait birao aipatu zizkigun, ikasleekin egindako ariketa baten harira. Guztien artean, barrea eragin zion “gaizki egindako mondejua” nabarmendu zuen, eta, bide batez, beste bizpahiru hitzen inguruan buruari eragiteko gonbita egin.
"Dokumentatua dagoenez, naturaltasunez erabili izan ohi dugu 'kaka' hitza euskaldunok, erregistro egokian, betiere"
Bada, ekimen erakargarria zela iritzita, ustez hain “moderno” ez diren inguruko hainbati galdegin nien ea zein ziren ezagutzen zituzten biraoak. Aitortu behar dut, galdera egin eta haien aurreneko erreakzioa harridurazkoa izan zen; baina, behin konfiantza hartuta, hasi zen, hasi, birao festa barre algaraka. Honatx, beraz, jasotako bakarren batzuk: “etxekalte”, “haundiputz”, “sasijakintsu”, “oilobusti”, “zakarripurdi”, “eskutxatxu”, “joxekuento”, “kakontzi”, “txorikaka”, “kakaume”...
Ez ditut azken hirurak kasualitatez jarri elkarren segidan; izan ere, dokumentatua dagoenez, naturaltasunez erabili izan ohi dugu “kaka” hitza euskaldunok, erregistro egokian, betiere. Horren erakusgarri, niri behintzat mondejuarenak adinako barregura eragin didana, nork bere burua den baino inportanteagotzat edukitzeari erreferentzia egiten diona: “Kaka ere izan ez eta mokordoa dela uste izan”.