Tipula-malkogintzan

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Urkia 2023ko ots. 23a, 14:06

Aspaldidanik iruditu izan zait deigarria zein bide ezberdina erabili ohi duten euskarak eta gaztelerak gezurrezko malkoei erreferentzia egiteko. Erromatarren eskutik iritsi omen zitzaigun tipula Euskal Herrira. Izan ere, latinari zor diogu euskaldunok barazki malko-eragilearen izena. Hala kontuak, negar faltsutan diharduenari tipula-malkoak isurtzen ari dela esaten zaio euskaraz.

Gaztelerak, ordea, oso bestelako adiera darabil malkook benetakoak ez direnean. Ez dakit gaztelerazko lehen hitzak agertu ziren Errioxako monasterioaren inguruan krokodilorik biziko ote zen garaiotan. Ebro ibaia ez zegoen bertatik hain urruti…

Kontuak kontu, gaztelerak krokodiloaren malkoei erreparatzen die sasi negar-malkoak isurtzea aditzera emateko. Adituen esanetan, krokodiloak malkoak isurtzen ditu harrapakina irensten ari denean, baina, diotenez, ez omen da hortz artean darabilen ahuntza edo dena delakoa goxoa baino goxoagoa dagoela espresatzen ari delako, haren begiak hidratatzeko baizik. Ez dario, beraz, faltsukeriarik. Biziraupen hutsa da, ahuntz gaixoaren zoritxarrerako.

Deban Soziolinguistika Klusterrak neurtu berri du zenbat erabiltzen den euskara kalean. Emaitzei erreparatuz, ez dakit ez ote den gero eta nabarmenagoa krokodiloaren itzala tipulen baratzean.