Ostikoketa

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Urkia 2021ko ots. 25a, 10:46

Iluntzerako, etxeratu eta lege zaharreko transistorea piztu orduko esataria txilio batean. Ba ote? Futbol partida gaur ere. Xinpatiko itxurako txantxangorriaren txorrotxioa beharrean, belazarra dirudi orroka. Izan ere, partida egokitzen den aldiro bele bihurtzen da Eitb-ko txantxangorri otzana. Halakoxea da denon irrati publikoaren politika. Ohiko albistegia zokoratu eta erabateko lehentasuna emana zaie bertako futbol taldeen partida emankizunei. Ez dugu, nonbait, gertakari garrantzitsuagorik.

Bada kantu bat, Xabier Letek abesten zuena. Hitzak Basarrirenak dira:

Futbola gora, futbola bera,
jendearen zoramena
urte auetan ori da nunbait
oso modan dagoena.
Iñork jakin nai badu gaur zein den
ofiziyorik onena
ostikalari oiek daukate
irabazi geiena.

Mutiko denen amets bakarra
ostikoketan asteko,
anka-belaunek ainbat baliyo
zutenik ez nun usteko,
ainbeste urtez zertan nekatu
karrera ikasteko?
Futbola bezelakorik ez da
milloiak irabazteko.

Beste hiru ahapaldi baditu kantuak, ildo berekoak hirurak. Lehengo lepotik burua, ezer gutxi aldatu dira kontuak harrezkero.