Inpresio kontuak

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Urkia 2022ko ots. 23a, 14:09

Aspaldi honetan baditugu, herrian zehar, mural txukun askoak. Artzabaletik barrena datorrenak larrabeixen margolana ikus dezake, auzolanean txukundutako lorategiaren aldamenean. Zertxobait aurrerago, Gaztetxeko boxeo-guantedunarena ageri da. Itziarretik behera etorrita, berriz, Miramar hotela izan zenaren orubean margotutako surfista eta trenbidepean, herri aniztasunaren ingurukoa.

Egia esateko, horma-irudiok herriko paisajeari ukitu artistikoa ematen diotela uste dutenetakoa naiz neroni ere. Hitz gutxitan, ingurua ederrago eta atseginago bihurtzen dute. Ageriko desberdintasunak desberdintasun, margolan kontuak ez dira, nonbait, atzo goizekoak inguruotan. Zastarrain errekaren altzoan, Ekain kobazuloko hormetan, zaldiak eta bestelako animaliak inork margotu zituela badira, adituen esanetan, hamabost bat mila urte.

Gaurkoetara itzulita, bada salbuespenik, hala ere. Ezin bestela izan, maiz gertatu ohi den moduan. Izan ere, Galtxa okindegia baino beheraxeagotik, Nelson eserita egoten den lekutik bertatik, munipen garajeko paretara begira geratu bada inor, konturatuko zatekeen parez pare nolako obradeartea daukan. Inpresionista ei da, gutxien-gutxienez, artelana. Niri behintzat inpresio galanta eragin zidan aurrenekoz ikustean. Lasturko taloak baino biribilago aurpegia. euskanglishez esatekotan, tumatxa. Wazemank programan Gaztea-ko Joseina imitatzen zuenak aho zabalik zioen bezala, inpresionaaanteeeee!