ELKARRIZKETA

"Gure afizioa margotzea da eta herritarren artean zaletasun hori sustatzea izan da beti gure motibazioa"

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2024ko abe. 26a, 11:40

Abenduaren 20an inauguratu dute Haitz-Haundik Gabonen bueltan urtero antolatzen duen erakusketa. Miren Esnal (Zumaia, 1959) eta Isidor Lamariano (Deba, 1952) elkarte artistikoko arduradunek aurreratu dutenez, herriko 30 bat sortzaileren lanak ikusteko aukera izango da bertan. Obra gehienak margoak izan ohi dira, baina edozein diziplina artistikotako lanak aurkezteko aukera dagoela gogorarazi dute.

Esnalek eta Lamarianok aspalditik dute margolaritza zaletasun. Txikitatik aritu dira arkatz, pintzel eta margo artean, eta ia bizitza erdia daramate Haitz-Haundin; elkarte artistikoa 90. hamarkadaren hasieran sortu zen eta biak ala biak sorreratik daude taldean. Urte luzez herriko haurrei eta gaztetxoei pintura eskolak emateaz gain, aktiboki parte hartzen dute Haitz-Haundiren bestelako ekimen batzuetan ere. Oraingo honetan, Gabonetan zabalduko duten erakusketak eman digu zuzendaritzako bi kideekin elkartzeko aitzakia.

Gabonetako margo eta marrazki erakusketa antolatu duzue aurten ere. Zer aurkituko du bertan bisitariak? Zerbait aurreratzerik bai?
Isidor Lamariano: Erakusketa hasten den egun berean jasotzen ditugu parte hartzaileen obrak. Eta datu zehatzik ez dugun arren, gure kalkuluen arabera, 30 bat egileren lanak egongo dira aurten ikusgai. 
Miren Esnal: Erakusketa udaletxeko areto nagusian izango da, azken urteotan bezalaxe, eta abenduaren 20tik urtarrilaren 3ra bitartean egongo da zabalik. Ordutegiari dagokionean, astegunetan 18:30etik 20:00etara egongo da irekita, eta asteburuetan, berriz, 12:30etik 14:30era eta 18:30etik 20:00etara.

Noiztik antolatzen duzue erakusketa hau? 
M.E.: Elkarte artistikoa 1992an eratu zen, eta orduz geroztik urtero egin izan dugu.

“Pinturarekiko afizio handia dago gure herrian, eta pena handia litzateke jendea aukerarik gabe uztea"

Eta zein da helburu nagusia?
I.L.: Herriko edozein artistak egindako lanak ezagutzera ematea. Gainera, azpimarratu nahi dugu erakusketa hau edozein diziplina artistikori irekia dagoela. Hau da, margolariez gain, eskulturan, taillan, zeramikan edo beste diziplina batzuetan lan egiten duten artistak ere gonbidatuta daude beren lanak jendaurrean aurkeztera.

Erakusketarekin batera, garaiotan zozketa bat ere egiten duzue urtero. Hala izango da aurten ere? 
M.E.: Bai, elkartearekin harremana duen artista batek sortutako koadroren bat edo bi zozkatzen ditugu urtero eta, azken aldietan bezala, aurten ere Jose Ignacio Trekuk pintatutako margolan bat zozkatuko dugu; olio-pinturaz egindako koadroa da eta Debako hondartza agertzen da bertan. Zozketarako txartelak 1,5 euroan egongo dira salgai, udaletxe azpiko arkupeetan jarriko dugun mahaian. Gu, elkarte bezala, autonomoak gara; hau da, ekonomikoki ez gaude beste inoren menpe. Beraz, finantzaketa edo dirua lortzeko beste modu bat da zozketa, eta irabaziak elkartearen ohiko funtzionamendua bermatzera bideratzen ditugu. Gure diru sarrera nagusiak hauek dira: bazkideen kuotak, Gabonetako zozketa eta ikastaroaren matrikula, maisuari soldata duin bat ordaintzeko. Eta, nola ez, ezin dugu ahaztu Kultur Elkartearen laguntza; espazioa musu-truk uzten digute, eta argia eta bestelako mantentze-lan batzuen gastuak ere beraiek ordaintzen dituzte.

Noiz egingo da zozketa?
I.L: Errege Egunaren bezperan egiten dugu, urtarrilaren 5ean, eguerdian. Lehenengo urtean egun hori aukeratu genuen, eta ordutik ohitura horri eutsi eta data mantendu dugu. Zozketa elkartean bertan egingo dugu. Gaztetxo pare bat etortzen dira laguntzera, eta haiek arduratzen dira zenbaki saritua ateratzeaz.

Gabonetakoa ez da izaten urtean zehar antolatzen duzuen erakusketa bakarra, ezta?
I.L.: Ez, ikasturte bukaeran (maiatzean) beste erakusketa bat egiten dugu. Bertan, pintura ikastaroko partaideek sortutako lanak jartzen dira ikusgai. 
M.E.: Data ere ezarri dugu: maiatzaren 25etik 29ra izango da, udaletxeko areto nagusian. Bestalde, kaleko margo lehiaketa egiten dugunean, sariketara aurkeztutako lanekin beste erakusketa bat antolatzen dugu.

Elkarteak urteak daramatza pintura eskolak ematen. Zer moduz doa ikasturtea?
M.E.: Urrian jarri ginen martxan. Noizbait jende gehiago ere izan dugu ikastaroan, baina espazio aldetik justu ibiltzen garenez, eta maisu bakarra daukagunez, partaide kopurua hogei lagunera mugatzen dugu orain. Aurten ere toki guztiak bete dira eta, gainera, gazte gehiago animatu dira parte hartzera. Normalean, oso jende heldua izaten dugu, 55 urtetik gorakoak gehienak, eta aurten 25 eta 35 urte bitarteko bost gaztek ere eman dute izena. Beraz, asko poztu gara. Beti izan dugu gazteren bat edo beste, baina inoiz ez hainbeste aldi berean.
I.L.: Gaur egun, Jose Ignacio Treku arduratzen da eskolak emateaz, eta bertan denetarik lantzen dugu: akuarela, akrilikoa, olio-pintura... Horrez gain, marrazketa ere lantzen dugu. Ikastea da helburua, eta ez du garrantzirik bakoitzak zer teknika ikasten duen.

Helduen margo ikastaroa Kultur Elkarteko azken solairuan ematen da. Gustura bertan? 
M.E.: Bertan oso ondo gaude, bai, primeran. Baina espazio irisgarriago bat beharko genuke jende guztiari ikasteko aukera eman ahal izateko. 
I.L.: Tamalez, eskailera asko ditugu eta batzuek horregatik utzi diote hona etortzeari. Lokal irisgarriagoa eskatu izan diogu udalari, eta hori da orain momentuan zintzilik dugun gaietako bat. Espazioak, egia esan, asko mugatzen gaitu.

Formakuntzaz harago, pintura lehiaketak ere antolatzen dituzue. Zenbat sariketa izaten dira urtean?
I.L.: Berez, lehiaketak udalak antolatzen ditu, baina beti laguntzen dugu antolaketa lanetan. Iraileko bigarren larunbatean, adibidez, helduentzako kale margo lehiaketa izaten da. Bestalde, Debarren Egunaren bezperan, larunbatean, haur margo lehiaketa antolatzen dute eta horretan ere laguntzen diegu.

Herrian egiten diren beste ekitaldi batzuetan ere parte hartzen duzue. Ezin aipatu gabe laga, besteak beste, azken urteotan sortutako muralak.
I.L.: Proposatzen dizkiguten ekintza guztietan parte hartzen saiatzen gara. Aurten, esate baterako, Sokagin kalea apaintzeko horma-irudia margotzeaz arduratu gara. Aurrez beste mural bat egin genuen hondartzan, umeekin, eta Osion ere bada beste bat. Bestalde, elkartearen 25. urteurrena estalitako paseoa muralez janzteko aprobetxatu genuen eta, horretarako, lehiaketa bat egin genuen.

Zenbat lagunek osatzen duzue Haitz-Haundi gaur egun? 
M.E.: Hamar lagun gara zuzendaritza taldean eta elkarteak 50 bazkide inguru ditu orain momentuan. Egia esan, 50 edo 60 bazkide izan ditugu beti. Beraz, gaur egungo kopurua ikusita, elkartea osasuntsu mantentzen dela esan genezake.

Laburrean:
Museo bat?
I.L.: Sorollaren museoa, Madrilen.
M.E.: Parisko Louvre museoa.
Pintatu nahiko zenukeen koadro bat?
I.L.: Egongo da baten bat... baina ez naiz hasi.
M.E.: Bihar egin behar dudana [irribarre artean].
Zer ez zenuke inoiz pintatuko?
I.L.: Gerra bat.
M.E.: Zoritxarreko gairen bat.
Zer ez da behar bezala baloratzen artearen munduan?
M.E.: Atzetik lan handia eta ona duten obra asko.
I.L.: Artistaren lana eta talentua. Saldutako obra kopurua baloratzen da.
Eta zer baloratzen da gehiegi?
M.E.: Gauza aldrebesak. Itxurakeria da nagusi.
I.L.: Galeriek eta inbertitzaileek agintzen dute eta horrek kalte handia egiten dio arteari.

 

Nola egin zaitezke bazkide? Deialdi edo kanpaina berezirik egiten al duzue?
M.E.: Urtarriletik apirilaren hasierara arte egongo da bazkidetza egiteko aukera. Interesa dutenak elkartearen bulegotik pasa behar dira. 
I.L.: Elkarteko bazkideekin irteerak egiten ditugu urtero. 2025ean, adibidez, bi eguneko irteera kulturala antolatu dugu Madrilera; maiatzaren 24an eta 25ean izango da eta, besteak beste, museoak ikusteko ere aprobetxatuko dugu txangoa. Bestalde, inguruko hiribururen batean erakusketa interesgarriren bat egon izan denean ere bertara joateko irteerak antolatu izan ditugu.

Elkarteko zuzendaritzako kide zarete biok. Hasieratik sartu zineten taldean? 
I.L.: Bai, hasiera-hasieratik nabil ni bertan; elkartearen fundatzaileetako bat naiz, hain zuzen. Zazpi lagun joan ginen elkartea erregistratzera eta, beraz, gu agertzen gara fundatzaile gisa estatutuetan. Tere Egonin, Kauldi Arostegi, Ignacio Galarraga, Valentin Irusta, Federico Martinez, Maite Iriondo eta ni neu geunden zerrenda hartan; ni elkarteko 7. bazkidea naiz. 
M.E.: Ni, aldiz, 8. bazkidea naiz eta beti izan dut arduraren bat elkartean. Haitz-Haundi sortu eta denbora gutxira sartu nintzen zuzendaritza taldean, eta gaur egun neu naiz elkarteko lehendakaria.

Irakasle ere izan zarete hainbat urtez.
I.L.: Bai, haurrei eskolak emateaz Maite Iriondo eta biok arduratzen ginen. 50 ume inguru izaten genituen urtero eta, laguntza behar izaten genuenez, Miren eta beste batzuk ere etortzen ziren gurekin eskolak ematera. Baina umeen ikastaro hori bertan behera geratu zen  pandemia garaian, beste gauza asko bezala. Musu-truk aritzen ginen eta pozik ibiltzen ginen irakasle lanetan, baina geuk ere erretiroa hartzeko adina gaindituta genuen eta klaseak emateari uzteko une egokia zela iruditu zitzaigun; konturatu gabe, 27 urte eman genituen horretan. Gainera, interesgarria iruditzen zait irakasteko modu desberdinak egotea ere, haurrek gurea ez den beste estilo bat ezagutzeko aukera izan dezaten. 
M.E.: Guk lagatzea erabaki genuenean, udalak bere gain hartu zuen ikastaro horren ardura, eta orain Gozatuz aisialdi eskaintzaren baitan ematen dute. Umetan gurekin ikasten zuen Uxue Sancho arduratzen da orain umeei pintura eskolak emateaz.

Elkartearen sorreratik gaur arte... Zerk bultzatu edo motibatu zaituzte taldean hainbeste urtean jarraitzera? 
I.L.: Gure afizioa margotzea da eta herritarren artean zaletasun hori sustatzea izan da beti gure motibazioa. Futbol taldeetan bezala, harrobia sortzen ahalegindu gara; eta, horretarako, egokiena umeak margolaritzan trebatzea iruditu zitzaigun. 
M.E.: Pinturarekiko afizio handia dago gure herrian, eta pena handia litzateke jendea aukerarik gabe uztea. Horregatik, zaletasun hori sustatzeko, zabaltzeko eta soka ez eteteko lanean jarraitzeak motibatu gaitu gehienbat.