Eduardo Alsasua gasteiztarra nagusitu da 55. Kaleko margo sariketan

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2024ko ira. 17a, 11:55

Joan den larunbatean (irailak 14) jokatu zen Debako Udalak Cardenas Fundazioaren eta Haitz Haundi Arte Elkartearen laguntzarekin antolatzen duen sariketa. 25 margolarik parte hartu dute aurten eta antolatzaileek lan guztien kalitate "handia" azpimarratu dute.

Parte hartzaile guztien artean Eduardo Alsasua gasteiztarra izan da onena; Estacion deituko lanarekin, 800 euroko saria eskuratu du. Bigarren sailkatua, berriz, Jose Miguel Arranz erandioztarra izan da; Ostolaza lanari esker, 500 euroko saria eskuratu du.

Jokin Telleria beasaindarra izan da hirugarren sailkatua; 350 euroko saria eman diote, Duna izeneko margolanarengatik. Herritarren artean, Jaimen Zamakolaren lana nabarmendu du epaimahaiak; Estanque izeneko lanari esker, 250 euroko saria irabazi du.

Lehiaketaren baitan, Cardenas Fundazioaren beste lau sari berezi ere banatu dituzte. Honakoak:

  • Laugarren saria. Alipio Ruanoren (Castro Urdiales) Plaza Vieja lana, 200 euro.
  • Maria Esperanza Chavarri akuarela saria. Carlos Espigaren (Bilbo) Espiga lana, 300 euro.
  • Marques de Prado Ameno sari berezia. Irati Uzkudunen (Elgoibar) Gure bankua lana, 150 euro.
  • Blanca Vilallonga saria. Juan Carlos Lang (Bilbo), Santiago lana, 300 euro.

Antolatzaileek azaldu dutenez, sariketan parte hartu duten lan guztiekin erakusketa bat antolatu dute. Lanak igandera (irailak 22) arte ikusgai egongo dira udaletxeko areto nagusian, ondoko ordutegian: astelehenetik larunbatera, 18:30etik 20:30era eta, igandean, 12:00etatik 14:00etara. Interesa dutenek, gainera, margolan horietako batzuk erosteko aukera ere izango dute.