Mural berria Sokagin kalean

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2024ko eka. 14a, 14:29

Murala ekainaren 15ean aurkeztuko dute jendaurrean. (Arg.: Debako Udala)

Haitz Haundi elkarte artistikoak proposatuta, Erdi Aroan sokak egiteko erabiltzen zen makina bat irudikatzen duen mural bat margotu dute Sokagin kalean. Bihar (ekainak 15) inauguratuko dute, 12:30ean.

Udal ordezkariek, Haitz Haundi elkarte artistikoko kideek eta Albaola Itsas Faktoriako kideek parte hartuko dute inaugurazioan. Izan ere, udal iturriek adierazi dutenez, Albaolak San Juan ontzirako berriki egindako sokak egiteko makina baten erreplikaren erakustaldia ere egingo da.

Inaugurazioan, kaleari buruzko informazioa duen azalpen panel bat ere jarriko dute, eta panel hori Kalez kale informazio-panelen zirkuituan sartuko da. Udalak nabarmendu bezala, hain justu, "herrigunean zehar dauden informazio panel horiek herriaren historia eta eboluzioa ezagutarazten diete bisitariei, ibilbide autogidatu baten bitartez".

Sokagin kalea

1343an Montreal de Deva sortu zenetik, gure historia itsasoari lotua egon da; zehatzago esanda, merkataritza-nabigazioari, arrantzari eta balearen ehizari lotua. 

Gogorarazi dutenez, "antzinako itsasontzietan sokak ezinbesteko elementuak ziren. Ontziak lotzeko, mastak eta bergak armatzeko, eta belak igo eta jaisteko erabiltzen ziren; baleei jaurti eta haiek zauritzeko txalupetan eramaten zituzten arpoiak ere sokekin lotzen zituzten". 

Sokak kalamuz egiten ziren, zuntzak txirikordatuz, nahi zuten lodiera lortu arte, eman nahi zioten erabileraren arabera.

Gehienetan, kalamua Errioxatik edota Gaztelatik ekartzen zuten. Oso ohikoa zen lur haietara joaten zirenean mandazainek eta merkatariek balea-gantza, bakailao gazia edo eskabetxeak eramatea, eta bueltan hain preziatua zen kalamua ekartzea. 

Sokak egiteko toki zabala behar zen. Horregatik, hiribilduko hesi edo harresietatik kanpo egiten zen lan hori; hau da, hareatzan.