Jose Miguel Erranzek irabazi du 53. Kale margo lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2022ko ira. 14a, 11:23

Azken bi urteotan bigarren sailkatu ondoren eskuratu du sari nagusia margolari erandiotarrak. Hogei margolarik parte hartu dute Debako Udalak Cardenas Fundazioarekin eta Haitz Haundi Elkarte Artistikoarekin elkarlanean antolatutako sariketan.

Adin eta jatorri askotariko margolariak batu ziren larunbatean (irailak 10) Debako 53. Kale margo lehiaketan. Parte hartu zuten hogei margolariek, aurreko urteetan bezala, ia goiz osoa eduki zuten herriko ageriko tokiren bat margotzeko. Aldez aurretik emandako denbora agortu ondoren, parte hartzaileek udaletxeko osoko bilkura aretoan aurkeztu zituzten lanak Jose Felix Igartua, Maddi Ziaran, Baroja Collet, Ana Salegi eta Aritz Larrañaga epaimahaikideek baloratzeko.

2.850 euro saritan. Jose Miguel Arranz erandiotarraren lana onena zela erabaki zuen aho batez epaimahaiak; 800 euro jaso zituen Portu kalea irudikatzen duen margolanak. 500 euroko bigarren eta 350 euroko hirugarren sariak, hurrenez hurren, Ricardo Azkargorta bergararrarentzat eta Esteban Oroz eibartarrarentzat izan ziren. Herriko lanik onena, aldiz, Nagore Gonzalezena izan zen; 250 euroko saria jaso zuen bere lanagatik.

Cardenas Fundazioaren eskutik beste lau sari banatu zituzten. Honakoak:

  • Laugarren saria: 200 eurorekin saritu zuten Jose Ramon Guerra gorliztarraren lana.
  • Maria Esperanza Chavarri saria, saritu gabeko akuarelarik onena: 300 eurorekin saritu zuten Javier Espigares donostiarraren lana.
  • Marques de Prado Ameno saria, 21 urte urtetik beherakoen saritu gabeko lanik onena: 150 eurorekin saritu zuten Irati Uzkudun elgoibartarraren lana.
  • Blanca Vilallonga saria, itsasoa gaitzat eduki eta lehendik saritu gabeko lanik onena: 300 eurorekin saritu zuten Iban Aranburu beasaindarraren lana.

Aurtengo sariketan parte hartu duten lan guztiekin erakusketa bat antolatu dute. Lanak igandera (irailak 18) arte ikusgai egongo dira udaletxeko osoko bilkura aretoan, ondoko ordutegian: astelehenetik larunbatera, 18:30etik 20:30era eta, igandean, 12:00etatik 14:00etara. Lan horietako batzuk, gainera, erosteko aukera ere egongo da.