'Herri libre bat' dinamikaren baitan, manifestazioa egingo du Gure Eskuk datorren ekainaren 7an Bilbon eta, giroa berotu nahian, herrietako batzordeak ekitaldiak egiten ari dira han-hemenka. Testuinguru horretan, Deba eta Itziarko Gure Eskuk Santa Katalinara ibilaldia antolatu du iganderako (ekainak 1).
Iragarri dutenez, asmoa da herritarrak Debatik eta Itziartik ordu berean abiatzea oinez, eta behin Santa Katalinara iristean ekitaldi bateratu bat egitea bertan, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatzeko.
Hitzordua festa giroan egingo dutela azpimarratu dute. 11:00etan abiatuko dira Debako Plaza Zaharretik eta Itziarko plazatik. "Debatik herriko txistularien laguntzarekin osatuko dute bidea eta itziartarren kasuan, berriz, Jan da edan txaranga izango dute bidelagun", zehaztu dute.
Santa Katalinan elkartu ondoren, txalapartaz, bertsoz eta musikaz alaitutako ekitaldia egingo dute eta, gaineratu dutenez, "bertan txorizo egosia eta edaria eskainiko diete bertaratzen diren guztiei". Amaitzeko, argazki herrikoia ateratzeko asmoa dute, "ekainaren 7an Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzera animatzeko".
Autobuserako zerrendak
Bestalde, Bilbora joateko autobusak antolatu dituztela ere jakinarazi dute. Izena emateko Debako Ieraenea ekodendara eta Arrano Elkartera jo dezakete herritarrek, baita Itziarko Bikain jatetxera eta Burugorrira ere. Ekainaren 5a da izena emateko azken eguna.