Ez onartu ezezagunen gozokirik!

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Agirrezabala 2025ko mai. 7a, 10:05

Txikitan sarri entzuten genuen goiko esaldi hori eta orain, nagusi garenean, ahaztu egin zaigula dirudi. Mugikorra hartzen dugun bakoitzean, "Cookieak onartzen dituzu?" galdera irakurri eta onartu egiten ditugu, cookieek (galletak dira ingelesez) dakartzaten "arriskuei" kasu gutxi eginez.

"Agian, birziklatzea cookieak onartzea baino nekezagoa da, baina nik nahiago dut eskutitz, aldizkari edota paskin batez gozatu"

Garrantzitsua da mozorrotuta datozkigun aldaketei izena jartzea; kasu honetan, gozoki hauek dira egunero mugikorrean ongietorria egiten digutenak. Irakurri al duzu inoiz zer diren? Noizbait begiratu dut eta beldurtzekoa da ikustea zenbat enpresari ematen diegun baimena gure datuak, gure kontsumoak, gure bilaketen historiala... ikusteko. Ezezagunei gure jokabideen berri ematen diegu, beren interesen mesedetan.

Aldi berean, ordea, buzoiak ez ditugu eskutitzez edo katalogoz beteta ikusi nahi. Zergatik ez birziklatu daitekeen produktu bat onartu, erabat anonimo egiten gaituen propaganda begiratu, eguneroko postariari atea ireki, herriko inprenta txikiari eta publizitate agentziei lana eman...? Agian, birziklatzea cookieak onartzea baino nekezagoa da, baina nik nahiago dut eskutitz, aldizkari edota paskin batez gozatu. 

Digitalizazioaren garai honetan, 'ekologiko' hitza erabiliko dute papera alde batera uzteko, baina ez al da ba akaso kutsagarriagoa petrolioa edo koltana (mugikorren osagaien jatorrizko minerala)? Horiek lortzeko ematen den jendearen esplotazioa ahaztu gabe... 

Nire datu pertsonalak nahiago ditut gutun azal batean seguru bidaiatzen, sarean libre eta edozeinen esku baino.