“Inork etzidan esan, euskaldun izatia zein nekeza dan”, dio Ruper Ordorikak abesti batean arrazoi osoz, nekeza bezain ederra den arren. Nola erabili, nola hitz egin, nola bizi… ikasiz joan gara ikastolan hasten garenetik, eta oraindik ere ikasten jarraitzen dugu.
Baina hainbeste eraso, epai eta oztopoz betetako euskaldunon bidea defendatzen erakutsi al digute inoiz? Bide horretan aurrera egiteak pertsonalki asko indartzen gaitu, altxor horren biziraupenaren parte sentiarazten gaituelako.
Erasotzaileek pentsatu al dute euskara lapurtu ezin daitekeen zerbait dela? Erabiliko dituzte legeak, debekuak, itxiko dituzte hedabideak, baina benetan altxor honen majikotasuna barruan daramagula da; inork ezin digula kendu. Nahi dugunean hitz egin, idatzi, abestu, antzeztu dezakeguna.
Toni Cantóren euskararen kontrako erasoari erantzunez Oskar Matutek Madrileko Kongresuan esan zuen bezala, “hizkuntza bat daukanak mundu bat dauka, baina hizkuntza bat baino gehiago duenak hainbat mundu ditu” .
Nor ez da inoiz harro sentitu atzerritar batek zure ama hizkuntza zoragarria dela adierazten dizunean edo dakien apurra zure aurrean plazaratzen duenean? Ni beti sentitu izan naiz harro egoera horietan, eta gurasoei eskertzen diet altxor zoragarri hau bizitza guztirako oparitu izana. Zuek ere eskertu iezaiezue!
Bukatzeko, Sarrionandiari hitzak lapurtuz, “Euskara da gure territorio libre bakarra”; beraz, zaindu eta margotu euskaraz munduko bazterrak.
Ni nora, euskara hara!