Agian izenburuak ez du zutabe hau irakurtzen hasteko laguntzen, ez dihoa askori burura etorri zaizuen norabidean, baina ea lortzen dudan bukaeran uler dezazuen.
Hain moderno eta teknologiko bihurtzen ari diren edo garen garaiotan, galtzen ari diren gauza fisikoen apologia pixka bat egin nahiko nuke. Urte gutxian gizarteak aldaketa ikaragarria bizi izan du teknologiaren eraginagatik, baina horrek, aldi berean, galerak ere ekarri ditu. Oraingo abantaila teknologikoen etorrera, hein batean, paperaren erabilera murrizteko aitzakiarekin sartu digute batzuek; horrekin eskutitzak, aldizkariak, enpresetako katalogoak etab. desagerrarazi dituzte. Gogoan dut Zarauzko inprenta batean lanean nenbilela, enpresa batek belar-usaina ezartzen ziola gutunazalean inprimatuta zeraman logotipoaren tintari. Usaina buzoira iristen zen, eskuetara…; gaur egun pentsaezina. Orain dena da digitala: fakturak, publizitatea, komertzioa…
Baina harremanak ere digital bihurtzen ari dira, askotan nahikoa iruditzen zaigu etxetik irten gabe gure ingurukoekin “egotea”, gure gotorlekutik dena egin dezakegula uste dugulako: besteekin hitz egin, erosketak egin, kontzertuak ikusi eta entzun, sendagilearekin egon…
Saia gaitezen orain arte normala zena egiten, fisikoki dendetara joaten, kontzertuetara hurbiltzen, mendian galtzen, lagunekin gehiago egoten, familiarekin gozatzen. Gauza fisikoek sentiarazteko berezitasuna daukate, norberak jarri diezaiokeelako momentu berezi edo arrunt bati musika, usaina, testura…
Izan gaitezen fisikoago eta ez hain digital.