Su baxuan prestatzen omen dira gauza garrantzitsuak sukaldean, patxadaz, arretaz sukaldaritzako ikuspegitik edota gauzak txukun egin nahi ditugunean ere bai.
Atzera begiratzea besterik ez daukagu, gure amama eta amen sukaldeetara, bertan sortzen baitzuten, maitasun handiz, bizitzeko hain beharrezkoa dugun erregai aberats eta gozoa.
Agian maitasunezko sukalde haietatik ateratzen ziren jaki goxoek eman diote gure herriari ondo jatearen ospea mundu mailan; horrek eta gure baratzetako altxorrak hain ondo zaintzen dituen gure klima bereziak ere bai, garaian garaikoari garrantzia emanez.
Gaur egun, globalizazioarengatik agian, beste herrialdeetako kutxuz bete zaigu euskal sukaldaritza. Hango eta hemengo jakien nahasketaren ondorioz, gero eta zailagoa izaten zaigu hain maitatua dugun sukaldaritza topatzea. Michelin izarraren munduko per capita kontzentraziorik handiena dugu, baina jakina da leku horietako prezioak astronomikoak direla; paradoxikoa dirudien arren, astronomiarekin zerikusia duela gastronomiaren mailak, alegia. Alde batera utzita geratzen al da gure gastronomia izar edo eguzki formaren ospearen truke?
Zorionez, oraindik aurki ditzakegu sukaldean lapiko handi bat su baxuan duten jatetxeak, menuak gure baserritarren eta arrantzaleen barazki eta arrainekin osatzen dituztenak. Herri txiki eta mendi zokoguneetan oraindik aurki dezakegu amonaren eskua nabaritzen zaion eta Euskal Herriko zaporea duen sukaldea.
Izan dadila gaur egun arte gure baserrietako atarietako zaindari izan den eguzki-lorea gure gaur egungo jatetxeetako zaindari astrogastronomikoa.