Deklaratzekorik ez

Erabiltzailearen aurpegia Goizane Aizpurua 2025ko ots. 6a, 10:35

Hitz hauek idazteko garaia iristen denean, aurrekoetan zeri buruz idatzi izan dudan begiratzea gustuko dut. Azken urteetan, urte berria estreinatzeko alean idaztea egokitu izan zait. Horrek igaro den urtearen halako errepaso edo atzera begirakoa egitera narama. Edo, aldiz, aurrez dudan urteari begira jarri eta eremu kuantiko huts batean urte berrirako esaldiak bertan txertatzera. Hala egin nuen iaz eta hauxe deklaratu nuen: "Itsasoak ezabatuko du oinutsik emandako pauso bakoitza, atzera egin ez dezagun".

Oraingoan ere, berdin egin nezake eta aurreko zein estreinatu berria den urteari buruzko "zerbait deklaratzekorik?" galderari "deklaratzekorik ez" erantzun.

"Berdin egin nezake eta aurreko zein estreinatu berria den urteari buruzko 'zerbait deklaratzekorik?' galderari 'deklaratzekorik ez' erantzun"


Dekretuzko esaldia dirudi. Ezeri buruz, ezer aitortzeko ez banu bezala. Munduaren izugarrikeriari eta edertasunari buruz ezer azaltzekorik ez banu bezala. Datorren urtearengandik ezer esperoko ez banu bezala, edo iragan denak ezer berririk eskaini izan ez balit bezala. Esate baterako, orain etxea ere baden herrialde horretara itzulera, distantziak banatzen duen harreman bateko beste ertzarekin berriro elkartzea, entzuteko ahalmena pazientziak laguntzea, "ulertzen zaitut" inoiz baino gehiagotan entzun eta esatea, sabeleko algara fabrika berriz martxan jartzea, musikak lotutako begirada distiratsudun ahots eta xamurtasunezko erritmodun bidelagun berriak topatzea, eta galderak. Zugana hurbiltzeko egingo nizkizukeen mila eta bat galdera. 

Ezer, zerbait badelako. Ezer ere ez, hutsa, ordea. Eta agian, irakurri berri duzun testu hau irakurle zaren horri deklarazio bat besterik ez da.