‘Z_eharkat_U’

Erabiltzailearen aurpegia Goizane Aizpurua 2024ko urt. 26a, 13:54

"Idazten duzun bezala bizi beharko zinateke". Argazkilari italiar bat, irla bat eta ni. 2019ko irailean entzun nuen esaldi hura, liburua idazteko sormen bila Formenterako irla idor bezain oparora abiatu nintzenean. Motxila bizkarrean, koadernoa besapean eta oinutsik.

Orduz geroztik neuk idatzitako testuen hitzetan galtzen naiz, bizitzak zer esan nahi ote didan jakin nahian, nondik eramango nauen, edo nondik eramatea nahiko nukeen; konturatu gabe, aldiro, hizkiekin mapa bat sortzen egongo banintz bezala. Diote idazteko bizi egin behar dela, ondoren, bizitako horri buruz idazteko. Bizitza sentitzeak idaztera garamatzala esango nuke. Diote poetaren begietara harakinaren aiztoa oilasko izter bati hezurra kentzen ari den unea poesia dela. Autopistako ordainlekuan, zure kotxea behar beste hurbildu ez eta tiketaren eta zure atzamarren arteko milimetro hori poesia dela esango nuke.

"Orduz geroztik neuk idatzitako testuen hitzetan galtzen naiz, bizitzak zer esan nahi ote didan jakin nahian, nondik eramango nauen, edo nondik eramatea nahiko nukeen"

Begirada al da literarioa? Edo errealitate literario bat gure egunerokotasun bilakaturik? Begiradez ari naizela, badut gogoan bereziki testu bat, azkenengoz idatzi nuena izan zelako agian; bada, 2022ko Begiradak-erako Nora Mugerzak prestatutako zuri-beltzeko bideo eder harentzat idatzi nuen. Izenburua: Z_eharkat_U.

Eta halaxe hasten nintzen: "Saldotik harantzago, bada inor urrunago hegan egin nahi izan duenik". Eta halako esaldiekin jarraitzen nion: "Koadroz kanpo dagoena ikustean osatzen da irudia eta orduan ulertzen dugu non gauden gu munduan". Eta azken urteetan nire bizitzak tankera hau du: “Zuhaitzen antzera udazken bakoitzeko hostoak galduko ditugu eta udaberri bakoitzeko loraberrituko gara". Eta, testu hartan bezala, hasi berria den 2024 honi ere halaxe biziko naizela esaten diot: "Itsasoak ezabatuko du oinutsik emandako pauso bakoitza, atzera egin ez dezagun".