Zumiriki

Erabiltzailearen aurpegia Goizane Aizpurua 2022ko urt. 23a, 13:05

Tarteka soilik ohartzen gara etengabe eraldatzen doan inguru batean bizi garela. Olatuak eta ibaiak bereziki hazten direnean, adibidez. Etengabeko inguruaren eraldatze hori naturari dagokio. Urak hazten direnean, beste garaietan lurmutur lehorrak diren guneak ur azpian geratzen dira, paisaia sinestezin eta berehala errekonozitu ezin direnak sortuz.

Zenbaitetan, aldiz, uraren mailatik gorago behar luketen lur zatiak hondoan bizirautera kondenatzen ditu gizakiak; zementuzko murru altuekin ibaien korronteari eutsiz. Halaxe gertatzen zaio Oskar Alegriari bere umetako irla, Zumiriki, ur mailak gaindituta ibaiaren azpian desagertzen zaionean. Eta etxola bat sortzen du, eta begira jartzen da, eta saiatzen da bera ere paisaiaren artean desagertzen beste animalia bat bezala, eta jolasten du, eta zain egoten da, eta sortzen du, eta atzera egiten du, eta orduak ematen ditu uraren mailatik gora agertzen diren zuhaitzen bitartez umetako irla berriz gogoratu nahian. Uraren azpian desagertu da umetako paisaia.

Eta ezin izan nion neure buruari eutsi zineko ilunpetik nire umetako paisaia hartara hegan ihes egin zuenean: ibai ertzera. Ubarroiak begira ditudala, txintxorro bat tamarizari lotuta ur gainean kulunka.

Eta orduak eman nituen, eta ingurua aztertu nuen, eta bilatzen saiatu nintzen, eta gogoratzen ahalegindu, eta aurrez begiratu nion kaseta negrak utzi zuen zulo handi hari. Sasiek besterik ez zuten hutsune hartan falta zen etxe handi eta beltz haren silueta marrazten. Ibaiaren ondoan, uretan desagertzen diren eskaileren ondoan, beste negu batez urak azpian hartu du nire umetako askatasunaren ibai ertza.