Miraz

Erabiltzailearen aurpegia Goizane Aizpurua 2023ko urt. 30a, 14:04

Lerro hauek irakurtzen dituzunerako, urte berriari dagokion martxa berriarekin hasita egongo zara. Erabat murgilduta urte berriari jarri dizkiozun helburuen garapenean. Urte zaharra atzean utzi eta, bide batez, berriz gogoratu nahi ez dituzun hainbat gauza ziurrenik. Aurrez aurre begiratu nahi izaten diegu hasiera berriei; oraingoan bai, zirriborroz betetako koaderno zaharra zakarretara botatzen den bezala, orri zuriz beterik dagoen berriarekin ordezkatzeko.

Amaiera bat hasiera berri baterako.

Urte baten amaiera eta berri baten hasiera gau batek banatzen ditu edo, hobe esanda, gau batek lotzen ditu. Gau soil batek. Abendu amaierara bideratzen garenean, gero eta luzeagoa den gau horietako batek. Iragan diren eta etorriko diren gauen antzeko beste gau batek. Baina gau hori berezi bihurtzen dugu, amaiera eta hasieraren arteko gaua baita. Egun berriari ere, urte berriari bezala, miraz begiratzen diogu, iragan den eguna zein urtea atzean uzteko gogoz.

Urte berri bat hasten den bakoitzean nik ere miraz begiratzen diot. Azken urteetan, ordea, atzean uzten dudan urteari ere miraz begiratzen diot. Asko izan ohi baitut eskertzeko. Urteari, familiari, esperientziei, egunei, pasarteei eta bereziki ingurukoei. Urteko azken eguna eta berri baten lehen eguna lotzen dituen gau horretan eskertza izaten dut lolagun.

Lerro hauek irakurtzen dituzunerako, urtea amaitu da eta berria hasi dugu, aurten bereziki miraz begiratzen diodan urte berri bat. Eta ziurrenik lerro hauek irakurtzen zauden horri eskerrak ere eman behar dizkizut, zuk jakin gabe iazko momenturen batean aurtengo urteari miraz begiratzeko arrazoietako bat izan zarelako, ziurrenik.