Joan den ostiralean abiatutako Antzerki Astearen baitan sei hitzordu izango dira aukeran aste honetan Deban eta Itziarren. Tartean izango dira, besteak beste, Gozatuz ikastaroko umeen emanaldiak, Aizarnako herri eskolako kideen ikuskizuna, Trapu Zaharra konpainiaren Azkena eta bagoaz! antzezlana, Txalo-Taloren Kutsidazu bidea Ixabel eta Makur talde gasteiztarraren Udaberri azidoa.
Ikuskizunez harago, nolanahi ere, Mayi Martiarena Litago debarrak (Tripak kolektiboa) gidatuko duen antzerki tailerra ere izango da aukeran asteburuan eta bertan parte hartzeko izen-ematea zabalik dagoela gogorarazi dute Goaz taldeko kideek. Aurreratu dutenez, tailerrak gorputza eta objektua izango ditu abiapuntu: bi hizkuntza, bi material eta bien arteko elkarrizketa. "Gorputza espazioan eta beste gorputzekin harremanetan jarriko dute partaideek eta objektuak gorpuztuko dituzte. Jolaserako lagunak izango dira eta eszena sortzeko elementu gisa erabiliko dituzte", aipatu dute antolatzaileek.
Ekainaren 7an eta 8an izango da tailerra, 10:00etatik 13:00etara bitartean, Agirre jauregiko Ispiluen gelan. Doakoa izango da eta bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Nabarmendu bezala, "edonor etor daiteke, esperientziarekin edo gabe, eta gustura ikusten ditugu aurpegi berriak". goazantzerkitaldea@gmail.com helbidera idatzita edo labur.eus/goazantzerkiastea estekan sartuta egin daiteke izen-ematea.
Antzerki Astearen egitarau osoa Berriketan.eus atariko agendan ikus dezakezue, baita herri komunikabidearen azken alean ere.