Poesiaz, umorez eta jolasez betea dator aurtengo Antzerki Astea

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan

Goaz Antzerki Taldeko kideak aurtengo jaialdiaren kartela eskuetan dutela.

Bihar hasi eta ekainaren 8ra bitartean egingo dute euskal antzerkiaren erakusleiho den jaialdia, Goaz taldearen ekimenez. Programazioan askotariko lanak biltzen saiatu dira aurten ere eta guztira bederatzi ikuskizun izango dira Deban eta Itziarren; horietatik bi amateurrak. Bada berritasunik, gainera; antzerki tailerra ere txertatu baitute egitarauan.

Berriki aurkeztu du Goazek 38. Antzerki Astearen egitaraua, "beti bezala, azken momentukoak azken momentuan lotzen eta prestatzen" aritu ondoren. Eta taldekideak "gustura" daude emaitzarekin. "Umorea, poesia eta jolas asko izango ditugu aurten. Publiko zabalari zuzendutako antzezlan batzuk egongo dira, baita publiko helduari zuzendutakoak ere. Eta, gainera, gai ezberdinei buruzko lanak ikusteko aukera izango dugu", laburbildu dute.

Guztira bederatzi emanaldi izango dira Debako eta Itziarko espazio ezberdinetan —Ispiluen gelan, Simon Berasaluze plazan, Plaza Zaharrean eta Burugorrin—; tartean izango dira Txalo-Talo eta Karrika talde amateurren lanak ere. Bestalde, iazko esperientziarekin pozik, Gozatuz egitasmoko antzerki ikastaroko ikasleek ere berriz parte hartuko dute jaialdian, bi lan taularatuz. Aurten bi talde osatu dituzte eta 21 ikasle aritu dira ikastaroan. "Goazen helburuetako bat antzerkizaletasuna sustatzea da eta polita da belaunaldi gazteenak ere Antzerki Astera hurbiltzea", adierazi dute. 

Antzerki tailerra

Berritasun nagusien artean, Mayi Martiarena debarrak gidatuko duen antzerki tailerra nabarmendu dute: "Antzerkizaleengana hurbiltzeko beste modu bat izan daitekeela uste dugu, ikusle izatea ez baita antzerkiaz gozatzeko modu bakarra". Eginda dago, hortaz, gonbidapena: "Mayik gorputza eta objektua abiapuntu hartzea proposatu du eta Goazeko kideoi oso ondo etorriko zaigu lanketa hori egitea. Baina ez da guretzat bakarrik antolatutako tailerra; edonor etor daiteke, esperientziarekin edo gabe, eta gustura ikusten ditugu aurpegi berriak". Parte hartzeko, aurrez eman beharko da izena.

Urtero bezala, emanaldi bakoitza hasi aurretik sarrerak aretoan bertan izango dira salgai. Aurrez eskuratu nahi dituztenek Internet bidez erosteko aukera ere izango dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Ondorengo estekan eros daitezke: www.labur.eus/GoazAntzerkiAstea

Egitarau osoa Berriketan.eus atariko agendan ikus dezakezue, baita herri komunikabidearen azken alean ere.