Hamar euskal ekoizpen izango dira ikusgai Antzerki Astean

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2023ko mai. 30a, 09:45

Beste behin ere, euskal antzerkiaren erakusleiho izango da Goaz taldearen ekimenez egingo den Antzerki Astea. Ekainaren 1etik 11ra bitartean, hamar antzezlan izango dira aukeran Deba eta Itziarko agertoki ezberdinetan.

Maiatzean ospatu izan den arren, aurten ekainean egingo da Antzerki Astea. “Maiatzeko azken asteak ikasturte amaierako azterketetan harrapatzen ditu urtero herriko gazteak. Haiek dira, bestalde, antzerkira gutxien hurbiltzen direnak. Baina aurtengo egitaraua euren oporraldien hasieran izango da eta, beraz, ez dute antzerkiaz gozatzera ez etortzeko aitzakiarik izango oraingoan”, aipatu dute Goaz Antzerki Taldeko kideek.

36. Antzerki Astea izango da aurtengoa eta antolatzaileek nabarmendu dute beste behin ere “herrira antzerki eskaintza eder bat ekartzeko gogotsu” daudela. “Beti egiten dugu proposamen berriak edo desberdinak ekartzeko ahalegina, eta aurten ere lortu dugula esan genezake. Batetik, aurtengo egitarauan inoiz baino talde amateur gehiagok hartuko dute parte (lauk guztira); Goaz-eko kideok Debagoieneko Antzerki Amateur Lehiaketan parte hartzeko aukera izan dugu ikasturte honetan, eta bertan ezagutu ditugun taldeak ekartzea lortu dugu. Bestetik, antzerki tradizionaletik aldendu eta antzerki berritzailean diharduten profesionalak ere izango ditugu gurean eta proposamen original eta indartsuak aurkeztuko dizkigute”, gaineratu dute. Iaz bezalaxe, antzerki talde debarrak ere izango du bere lekua egitarauan (lan berria estreinatuko du).

Sarrerak mugikorretik erosteko aukera ere izango da aurten

Kulturgune egokirik izan gabe, “azpiegitura falta” da, antolatzaileen esanetan, herrian antzerki jaialdi bat antolatzeko arazorik nabarmenena. Hori hala, aurten ere herriko espazio ezberdinetan (Aldats pilotalekuan, Agirre jauregian, Goaz taldearen Osioko lokalean, Itziarko Burugorrin…) egingo dira emanaldiak. Zailtasunak zailtasun, Euskal Herriko hamar antzezlan izango dira ikusgai Antzerki Astean, guztiak ere euskara hutsean.

Sarrerak erosteko aukerak. Urtero bezala, emanaldi bakoitza hasi aurretik sarrerak aretoan bertan izango dira salgai. Aurten, ordea, antolatzaileek jakinarazi dute ikusleek sarrerak mugikorretik erosteko aukera ere izango dute. Ondorengo estekan eskura daitezke.

EGITARAUA:

  • Ekainak 1, osteguna
    • 19:00. Donostiako Trapu Zaharra konpainiaren Eutsi Ramon! kale antzerkia, Arakistain Plazan. Sarrera: doan.
  • Ekainak 2, ostirala
    • 19:30. Oñatiko Bai eta gainera konpainiaren Ez, ez naiz akordaitten antzezlana, Ispiluen gelan.
    • Luntxaren ondoren. Bermeoko Buseletrikue Añenak publikoari obra, Ispiluen gelan.
    • ***OHARRA. Bi emanaldi horietarako eta tarteko luntxerako sarrerak 6 euroan salduko dira.
  • Ekainak 3 (larunbata) eta 4 (igandea)
    • 19:00 eta 20:30. Debako Goaz antzerki taldearen Salbe, publikoa antzezlana, Agirre Jauregian. Sarrera: 5 euro.
  • Ekainak 6, asteartea
    • 17:30. Durango Anita Maravillas Teatroren eskutik, Pintto Pintto haurrentzako saioa, Aldats pilotalekuan. Sarrera: 4 euro.
  • Ekainak 7, asteazkena
    • 10:30 eta 11:30. Aizarnako Antzerki Taldeko kideek Liburu magikoa eta Franki-Patxi hotela lanak antzeztuko dituzte Goaz taldearen Osioko lokala. Sarrera: doan.
  • Ekainak 8, osteguna
    • 19:00. Aitor Vinagret-en Gizasaltsa antzezlana, Itziarko Burugorrin. Sarrera: doan.
  • Ekainak 9, ostirala
    • 19:00. La banda teatro circo konpainiaren Kimera kale antzerkia, Plaza Zaharrean. Sarrera: doan.
  • Ekainak 10, larunbata
    • 22:00. Pez Limbo konpainiaren Itsas behera antzezlana, Aldats pilotalekuan. Sarrera: 8 euro.
  • Ekainak 11, igandea
    • 19:00. Berrobiko Txalo-Talo antzerki taldearen Zaharrak Berri lana, Ispiluen gelan. Sarrera: 5 euro.