Emakumeek sorturiko piezak eta emakume aktoreak protagonista dituen festibal bat da Fokupean. Azken finean, “emakumeek arte eszenikoetan duten paperari garrantzia ematea da helburu nagusia, euskaraz egiten diren emakumeen sorkuntza eszenikoak ikusteko espazioa sortuz”, azaldu du antolakuntza lanetan dabilen Itzale Laka GOAZeko kideak.
2021ean egin zen lehen aldiz Fokupean, besteak beste Azpeitiko Antzerki Topaketak erreferentetzat hartuta, eta sustatzaileak gustura gelditu ziren Debako festibalak eman zuenarekin. “Oso ondo joan zen. Ikusle dezente hurbildu ziren eta, gainera, herriko emakume batzuek parte-hartze aktiboa izan zuten, oholtza gainera igota edota tailerretan parte hartuta. Jaialdia aurrera ateratzeko lan gogorra egin ostean, antolatzaileok oso pozik amaitu genuen, asko disfrutatu baikenuen”.
Aurten emanaldiak Arbil jubilatuen elkartean egingo dira (ikastaroa izango da salbuespena, Ispiluen gelan egingo dute eta)
Prozesua aberasgarria izan zela iritzita, jarraipena eman nahi izan diote ekimenari. “Ezinbestekoa iruditu zitzaigun. Izan ere, ondo bete zen proposatutako helburua: Debako emakumeok fokupean jarri eta oholtza gainean ahalduntzea. Aurten ere batzuek esperientzia errepikatu nahi izan dute, eta beste batzuk lehen aldiz ausartuko dira oholtza gainera igotzen. Ondo pasatzeaz gain, elkar-saretzeko modu bat ere bada, eta harreman politak sortzen dira halako ekintzekin”, gaineratu du Lakak.
Ildo beretik, baina aldaketekin. Bigarren edizio honetan, “aldaketatxo” batzuk izango ditu jaialdiak. Izena aldatu diote, adibidez, lehen Fokupean. Emakume Aktoreen Festibala izatetik, orain soilik Fokupean izatera pasa baita. Lakaren esanetan, “iruditu zitzaigun ez zela beharrezkoa emakume aktoreen festibala dela nabarmentzea eta horregatik egin dugu aldaketa. Emakumeok egiten ditugun gauzetan askotan etiketa hori jarri beharra sentitzen dugun arren, alderantzizkoa gertatzen denean eta, nahita edo nahi gabe, egitarau osoa gizonez osatuta dagoenean, ez da gizonezkoena dela nabarmendu behar izaten”.
Aurrez Deban izandako aktore batzuk izango dira berriz ere taula gainean, eta aurpegi eta talde berriak ere izango dira tartean
Leku aldaketa ere aipatu dute berrikuntzen artean; orain bi urte herriko gune ezberdinetan egin zen egitaraua, azpiegitura arazoak zirela tarteko, eta aurten emanaldiak Arbil jubilatuen elkartean egingo dira (ikastaroa izango da salbuespena, Ispiluen gelan egingo dute eta).
Osterantzean, antolatzaileek azaldu dute “antzerkigintza begirada kritiko batetik ikusteko aukera, barreak, negarrak, musika eta feminismoa” dakartela aurten ere. Aurrez Deban izandako aktore batzuk izango dira berriz ere taula gainean (Laura Penagos, esate baterako), eta aurpegi eta talde berriak ere izango dira tartean (EHAZE Antzerkizale Elkartea, Dejabu taldea, Maren Basterretxea Iribar, Jone Bengoa, Arta kolektiboa eta Pez Limbo).
“Publiko osoari” zuzendutako askotariko jarduerak egingo dira azaroaren 3tik 12ra bitartean antolatu den festibalaren baitan. Formakuntza, antzerkia, ikuskizunak eta musika emanaldiak izango dira aukeran. Prest dute egitaraua eta egina dago parte hartzeko gonbidapena bera ere: “Debako herritar guztiak eta Euskal Herriko antzerkizaleak animatu nahi ditugu antzerki saioetara hurbiltzera. Tailerra emakumeei zuzenduta egongo da; beste guztia, ordea, mistoa izango da, noski”.
Sarrerak eta izen-ematea. Tailerrean izena emateko edo emanaldietarako sarrerak erosteko bi aukera daude: turismo bulegoan edo Internet bidez (labur.eus/fokupean estekaren bitartez).