GUTUNA

GOAZ Antzerki Taldearen gutuna: “Pozik, baina areto egoki baten faltan”

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2023ko aza. 29a, 12:18

Emakumeek sorturiko piezak eta emakume aktoreak protagonista hartuta, azaroan egin da Fokupean Festibala. Hona hemen GOAZeko kideek Berriketan aldizkarira igorri duten gutuna.

Bigarren aldiz, eta azkena izango ez delakoan, egin dugu aurten Fokupean, azaroko lehen bi asteburuetan Deba antzerkiz jantzi duen festibala. Giro ederra izan dugu eta, oro har, pozik gaude emaitzarekin.

Antzezlanen aukeraketan asmatu dela uste dugu. Areto aproposik ez dugula kontuan hartuta, aktore asko eta azpiegitura gehiegi behar ez dituzten piezak ekartzea erabaki zen. Mota askotako antzezlanak (umorezkoak eta ganberroak, kritikoak, hunkigarriak…) izan ditugu, guztiak bikainak. Tailer bat eta ikastaro bat ere egin ditugu, eta nabarmentzekoa da horietan sortutako giro hurbila. Era berean, gogoangarria izan zen azken larunbatekoa, beste behin ere herritarrok elkarren artean saretu eta eszenatokia eta kaleak hartu genituelako, antzerkiz zein abestiz.

Espazioa protagonista izan dugu aurten ere, eta bigarren asteburuan azken orduko leku aldaketa bat egin behar izan genuen, ekintzak jubilatuen egoitzatik Ispiluen gelara eramanda. Antolatzaileok ez genituen ezustekoak eta oztopoak behar bezala aurreikusi. Jubilatuen egoitza aukeratu genuen, haren edukiera eta kokalekua kontuan izanik eta antzerkia helduenei eta espazio berri batera eramateko asmotan, baina zentroko eguneroko funtzionamendua eta antzerkien prestaketa lanak bateraezinak izan dira une batzuetan. Horregatik egin ziren Ispiluen gelan azken asteburuko emanaldiak.

Ispiluen gela leku zoragarria da eta, oraingoz, hurrengo emanaldiak bertan egiteko asmoa dugu. Hala ere, argi dago ikusleentzat zein antolatzaileentzat bere mugak dituela aretoak (muntaia eta desmuntatze-lanak, edukiera txikia, ikusgarritasun eskasa, zarata…). Ezinbestekoa iruditzen zaigu beste behin ere antzerki areto baten beharra aldarrikatzea. Herri osoarentzat eta kultur eragile askorentzat aproposa izango den areto bat lortze aldera, GOAZek Kultur Mahaia deituko du datozen egunetan, ea denon artean konponbide bat topa dezakegun.