Errigoraren produktuak bihartik larunbatera bitartean banatuko dituzte Deban eta Itziarren

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2025ko mai. 6a, 11:16

Dagoeneko Deban daude Errigoraren produktuak. Bihar (maiatzak 7) egingo dute banaketa Aldats pilotalekuan (goizean eta arratsaldean); Itziarren, aldiz, hilaren 9an eta 10ean jaso ahal izango dira elikagaiak.

Gaur goizean iritsi da Nafar hegoaldeko uzta gurera eta dagoeneko produktu sorten banaketa prestatzeko lanean hasita dago boluntario taldea, Zuhatza Euskara Elkartearekin elkarlanean.

Deban eta Itziarren 59 eskaera egin dira Errigoraren azken kanpainan, produktuen truke 10.000 eurotik gorako ekarpena eginez herri ekimenari. Deban bihar (maiatzak 7) banatuko dituzte jakiak, Aldats pilotalekuko biltegian, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Itziarren, berriz, Kalebarreneko lokalean egingo dute banaketa maiatzaren 9an (16:00etatik 20:00etara) eta maiatzaren 10ean (10:00etatik 13:00etara).

Nafarroa hegoaldean oinarritutako proiektua da Errigora. Bertako produktuak Euskal Herrian banatzen ditu, elikadura burujabetza babesten du, eta ekarpena egiten dio Nafarroako hegoaldeko euskalgintzari, euskara ofiziala ez den eremu batean. Inoiz baino produktu gehiago banatuko dituzte oraingoan. Sustatzaileek jakinarazi dutenez, hain zuzen, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan egin baitu gora eskariak: guztira 145.500 litro olio eta 30.700 produktu sorta baino gehiago banatuko dituzte, herritarrek egindako 10.700 eskaerei erantzunez.