Gaur hasi da Errigoraren udaberriko kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2025ko mar. 10a, 09:34

Errigora ekimeneko bolondresetako batzuek.

Gaur (martxoak 10) hasi da Errigoraren udaberriko kanpaina "Beste modura, denona da onura" aldarripean.

Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako “oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta ardo loteak euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan” eskuratzeko aukera izango da astelehenetik aurrera. 

Olioa bost litroko bidoietan eskuratu ahalko da, kontserbak hamabi ontziko sortetan, “planteamendua urte osorako beste eskatzea da eta”. Izan ere, udaberri parteko kanpaina hau, “eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen”.

Ordainketari dagokionean, Errigoratik jakinarazi dutenez, online eginez gero, bi zatitan ordaintzeko aukera dago. Bestela, dena batera ordain daiteke, eskudirutan, produktuak jasotzerakoan. 

Errigoraren 2025eko udaberriko kanpainarako jakin beharrekoak:

  • Eskaintza: ardo bereziak eta gorenak, dilistak, arroza, zainzuriak, orburuak, barazkiak, babarrunak, zainzuriak, piperrak, kardua, tomatea, potxak, menestra, arbendolak, pasta, oliba-olioa.
  • Eskaerak egiteko epealdia: martxoak 10-26.
  • Eskaerak egiteko modua: errigora.eus atarian.
  • Produktuen banaketa Deban: maiatzaren 7an.
  • Informazio gehiago: errigora.eus


230.000 euro, azken kanpainan

Euskarari Puzka azken kanpainan, 2024ko udazkenean egin zutenean, Errigorakoek 16.000 saski saldu zituzten Euskal Herri osoan, eta emaitzei erreparatuta inoizko kanpaina onenetakoa izan zela azpimarratu zuten, saldutako 16.000 saski horien bidez 230.000 eurotik gora bideratu ahal izan baitzituzten Ager zonaldeko euskalgintzara (AEK, Ikastolak, Sortzen eta Agerraldia). Ezin hobeak diren emaitza horien atzean “komunitate oso baten ahalmen eta ahalegina dagoela” aldarrikatu zuen Errigorak balorazioaren berri ematerakoan. “Errigoraren komunitatea osatzen duten bolondres, ekoizle eta kontsumitzaileek jarritako indarrari esker lortu dugu kanpainaren arrakasta. Auzolanari esker soilik da hau posible!”, adierazi zuten.

Errigorak 16.000 saski saldu zituen Euskal Herri osoan joan den udazkeneko kanpainan.