Otsailaren 25ean abiatu eta bihar amaituko da 2024ko udaberriko Errigoraren kanpaina, Eutsi gureari! lelopean. Eskaerak Errigoraren webgunean (errigora.eus) zein telefonoz (848 87 12 23 zenbakira deituta) egin daitezke, eta, nahiago izanez gero, herritarrek Zuhatza Euskara Elkartera ere jo dezakete zuzenean. Produktuak Deban bertan jaso ahal izango dira, maiatzaren 15ean.
Izan ere, Deban Zuhatza elkarteak sustatzen du elikadura burujabetza bultzatu eta Nafarroa hegoaldean, euskara ofiziala ez den zonaldeetan, euskara indartzeko asmoz egiten den Errigora ekimena. Egitasmoarekin bat eginez, gaur egun Euskal Herriko 200 bat herritan daude banaketa-guneak, eta tartean da gure udalerria.
Banaketa-gune izateaz harago, gainera, aurten ere Errigoraren udaberriko kanpainako produktuak probatzeko aukera eskaini du euskara elkarteak. Joan den ostegunean, martxoaren 7an, hain zuzen, doako dastaketa izan zen Lagun Artea elkarte gastronomikoan eta 25 bat lagun batu ziren Korrika Kulturalaren baitan antolatutako hitzordura. Olioa, arroza, lekaleak eta kontserba ezberdinak izan zituen oinarri auzolanean prestatutako dastaketa menuak.