Atzo (otsailak 25) abiatu zen 2024ko udaberriko Errigoraren kanpaina, Eutsi gureari! lelopean. Eta, egitasmoaren baitan, herritarrek Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko oliba-olio birjina estra, kontserbak, ardoak, arroza, pasta, lekaleak eta fruitu lehorrak eskatzeko aukera izango dute oraingoan, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta.
Martxoaren 13ra bitartean egin daitezke eskaerak, Errigoraren webgunean (errigora.eus) zein telefonoz (848 87 12 23 zenbakira deituta). Eta produktuak Deban bertan jaso ahal izango dira, maiatzaren 15ean.
Produktuak dastatzeko aukera Deban
Izan ere, Deban, Zuhatza Euskara Elkarteak sustatzen du elikadura burujabetza bultzatu eta Nafarroa hegoaldean, euskara ofiziala ez den zonaldeetan, euskara indartzeko asmoz egiten den Errigora ekimena. Egitasmoarekin bat eginez, gaur egun Euskal Herriko 200 bat herritan daude banaketa-guneak, eta tartean da gure udalerria.
Banaketa-gune izateaz harago, Errigoraren udaberriko kanpainako produktuak probatzeko aukera ere eskainiko du Zuhatzak beste behin. Martxoaren 7rako dastaketa antolatu du Lagun Artea elkartean eta herritar guztiei egin die bertan parte hartzeko gonbidapena. Ekimena irekia eta doakoa izango da, baina parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez, 688 84 03 08 telefonora mezua bidalita. Udaberriko dastaketa hau, gainera, herriko eragileek elkarlanean antolatutako Korrika Kulturalaren egitarauaren baitan egingo da.