Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes duen ekimen herritar honek bi kanpaina nagusi izan ohi ditu urtero. Udazkenean, Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka lelopean, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten dira. Udaberrian, berriz, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura lelopean, oliba-olio birjina estra, arroza, pasta, lekaleak eta kontserbak (hamabi ontziko sortetan) ekoizlearen jatorrizko prezioan eskatzeko aukera egongo da.
Eskaerak martxoaren 29ra bitartean egin ahal izango dira, www.errigora.eus atarian edo 848 87 12 23 telefono zenbakira deituta eta Zuhatza Euskara Elkarteko bazkideek produktuak Deban jasotzeko aukera izango dute, maiatzaren 10ean Aldats pilotalekuan.
Produktuen dastaketa. Beste behin ere, Errigoraren kanpainan eskaintzen diren produktuak bertatik bertara ezagutzeko hitzordua antolatu du Zuhatzak. Bihar, martxoak 9an, ostegunean, egingo da dastaketa, 18:30etan Kultur Elkarteko plazan (eguraldi txarra egingo balu egitasmoa Kultur Elkarteko liburutegira lekualdatuko da). Ekimena doakoa izango da, baina edukiera mugatua izango du eta, hortaz, aurrez eman behar da izena (688 840 308 telefono zenbakian).