Bihar amaitzen da Errigorako eskaerak egiteko epea

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2022ko mar. 29a, 10:31

Azken txanpan sartuta dago Errigoraren udaberriko kanpaina. Bihar arteko epea dago eskaerak egiteko, errigora.eus webgunean edo 848 87 12 23 telefonora deituta, eta Zuhatza Euskara Elkarteko bazkideek produktuak Deban jasotzeko aukera izango dute, maiatzaren 10ean Aldats pilotalekuan.

Elikadura burujabetza sustatu eta Nafarroa hegoaldean, euskara ofiziala ez den zonaldeetan, euskara indartzeko asmoz martxan jartzen den egitasmoa da Errigora. Finean, kanpainaren arduradunen esanetan, kontsumitzeko erak aldatzeko bide bat proposatu nahi du ekimenak. Hori hala, “Nafarroa hegoalde eta erdialdeko oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz, pasta eta lekale-sortak eskatu ahal izango dituzue oraingoan, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan”.

Deban, Zuhatza Euskara Elkarteak sustatzen du Errigora ekimena. Hori dela eta, aurten ere elkarteko bazkideek orain eskatzen dituzten produktuak Deban jasotzeko aukera izango dute, maiatzaren 10ean Aldats pilotalekuan.

Joan den astean, ostegunean, Errigorako produktuen dastaketa egin zen Kultur Elkartean, Korrika Kulturalaren baitan antolatuta. 30 lagunetik gora bildu ziren hitzorduan.