Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen Errigora ekimenak hamar urteko ibilbidea betetzen du aurten eta “gero eta zabalagoa den” komunitateko kideak orain arteko bidetik lanean jarraitzeko prest azaldu dira beste behin ere. Udazkeneko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainari ekin diote oraingoan eta azaroaren 9ra bitartean izango dute abian.
Aurten ere, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramango dituzte, bertako euskalgintzari ekarpen ekonomiko garrantzitsua eginez (saski bakoitzaren balioaren %25). Hastapenetan bezala, 50 euroko saski bakarra eskainiko dute aurten (23 ekoizleren 9 produktu ekologiko eta konbentzionalekin osatuta). Eskaerak Errigoraren atarian egin behar dira eta Zuhatzako bazkideek Deban jaso ahal izango dituzte saskiak.
Udalerriko euskara elkarteak, gainera, produktuen doako dastaketa ere antolatu du. Hitzordua azaroaren 2an izango da, 18:30ean, Kultur Elkartean. Bertan parte hartzeko aurrez izena eman behar dela jakinarazi dute; interesa dutenek 688 84 03 08 telefono zenbakira deituta izena eman dezakete.